2022ko ordenantza fiskalak onartu ditu Arrasateko udalbatzak

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 13a, 19:03

Atzo, astelehena, eman zuen Udal Gobernuak bere proposamenaren berri, eta gaurko osoko bilkuran onartuta geratu dira, EH Bilduren aldeko botoarekin. "Ez gaude aldaketen kontra. Gutxiegi dira, eta ez dira nahikoak, baina ezer baino hobe dira. Dena den, garbi utzi gura dugu ez dugula bat egiten Gobernuaren eredu fiskal eta sozialarekin", azaldu du Joseba Ezpeleta zinegotziak. Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, aldiz, kontra bozkatu du.

"Kontziente gara pandemia egoeran gaudela eta 2021ean zero igoera izan dugun moduan, datorren urtean ere hala jarraituko dugu. Aurtengoa ere ez da urte erraza izaten ari herritar, komertzio eta enpresentzat, eta zero igoera mantenduko dugu, zero zor egoerak aukera ematen digulako horretarako", azaldu du Udal Gobernuaren bozeramaile Anuska Ezkurrak.

Ezpeletak erantzun dio ez dutela ulertzen ordenantza fiskalak uztailean onartu beharra. "Ekonomiari lotutako ziurgabetasun handia dago, batez ere, inflazioari dagokionez eta zuek, bizpahiru hilabete itxaron beharrean, aurrera egitea erabaki duzue". Gaineratu du EH Bilduren lanari esker hobetu dela hasierako proposamena. "Tristea zen proposamena, planteamendu berritzailerik gabea. Gobernua oposizioaren ideien zain egon dela ematen du".

Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek nabarmendu du ordenantza fiskalak, aurrekontuarekin batera, Udalaren "erreminta garrantzitsuenak" direla, eta beste eredu fiskal bat posible dela. "Aldaketa onak dira, baina oso urriak. Askoz gehiago egiteko ahalmena daukagu. Guk emendakinak aurkeztu ditugu baina ez dago benetako borondaterik negoziatzeko. Politika sozialak eta EAJren eredu fiskalak ez datoz bat", gaineratu du. Hori dela eta, aurkakoa izan da bere botoa.

Maitane Muñoz, Mankomunitateko ordezkari

Horrez gain, udalbatzak aho batez onartu du Maitane Muñoz zinegotzi jeltzalea izango dela Udalaren ordezkaria Debagoieneko Gizarte Zerbitzuen Mapa garatzeko batzorde berezian, Debagoieneko Mankomunitatean. 

Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak adierazi du pozten dela ordezkaria Muñoz izango delako eta ez alkatea, "zinegotzia bera egon behar delako batzorde horretan". Era berean, nabarmendu du inportantea dela "behingoz" dinamika batean sartzea eta mapa martxan jartzea. "Lehenbailehen osatu behar da mapa. Ez dago aterpetxerik herrian eta asko dira kalean lo egin behar dutenak, batez ere neguan. Lan asko dago egiteko".

Abuinek kontatu du kalean lo egiten zegoen bat laguntza eske gerturatu zitzaiola. "Alkateari idatzi nion eta erantzuna izan zen beste herriren bateko aterpetxe batean lekua aurkitu ezkero, Udalak laguntza eskainiko zuela. Hori ezin da horrela izan". Beraz, baiezko botoa eman du, baina borondate politikoa ere eskatu du, "egoera horri buelta emateko".

Arrazoia Langaran Vitoria anaiei

Meatzerreka auzoan San Balerio inguruko lursailak mugatzeko espedientean jasotzen diren 7. eta 8. partzelen mugaketak indargabetzea ere aho batez onartu ditu udalbatzak, sententziarekin bat etorrita. 

Abuinek azaldu du Igor Urizar zinegotzi ohiak "behin eta berriz" esan zuela Udalak ez zuela arrazoirik eta Gobernuak aurrera egitea erabaki zuela. "Epaiak arrazoia eman dio Igorri eta familiari". Ezkurrak "puntualizazio" bat egin gura izan dio. "Gobernu bezala epaiarekin bat egiten dugu, baina epaia ez da mugaketan sartzen, esaten duen bakarra da premisak ez dituela ontzat ematen". Morrasek, azkenik, Ezkurrari erantzun dio ez "apaintzeko" epaia. "Familiari eman dio arrazoia, eta ez Udalari".

Santa Teresako igogailuen harira

Onartutako beste puntuetako bat izan da Santa Teresa kaleko 4. zenbakian igogailua jartzeko eskaera dela eta, okupatu beharreko lur-zerrendaren kalifikazio juridikoa aldatzea, eta 5,65 metro karratuko lursaila hartzea. 

EH Bilduk alde bozkatu du. "Baina hirigintza positiboago eta erregularrago bat eskatzen dugu, irizpide berdinak izango dituena auzo guztietarako. Batzuk 6-9 hilabete daramatelako zain".

Gaitzespen oharra dela eta

Galdera-erantzunetan, hausnarketa bat plazaratu du Morrasek, asteburuko sutearen harira Gobernuak egindako prentsa-oharrean oinarrituta. Hala, oharrarekin "erabilera politiko gaizto" bat egitea leporatu dio Gobernuari eta hiru galdera egin dizkio: "Zer esan nahi duzue 'ekintza hauek helburu bat dutela' esaten duzuenean? Zer esan nahi duzue 'adierazpen bat egin gura dela ekintza hauekin' esaten duzuenean? Zer esan nahi duzue 'antzinako moldeak erabiltzen ari direla' esaten duzuenean?".

Ezkurrak erantzun dio inongo seinalizazio bariko testua dela, gaitzezpen ohar soil bat. "Ardura azaldu dugu gertaerekiko eta lan egingo dugu berriz gertatu ez daitezen. Baina gaitzespen ohar bat besterik ez da, bestelako intentziorik gabe. Ez gara konfrontazioan sartuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak