"Zero zor" egoeran egonik, igoerarik ez egitea proposatuko du Udal Gobernuak biharko osoko bilkuran, herritarrei zergak eta tasak igotzeko garaia ez dela iritzita.
Ander Garay Ogasun zinegotziak azaldu duenez, azken sei urte hauetan urtero egin izan dituzte egokitzapen batzuk eta oraingoan, batez ere bi alorretan gura dute aldatzea. "Batetik, trantsizio ekologikoaren alorrean pauso sendoak ematen ari da Gobernu hau eta beste aurrerapauso bat ematea nahi dugu eguzkiaren energia bultzatzeko", azaldu du. "Eraikin berrietan dekretuz doaz eguzkiaren energia aprobetxatzeko plakak, baina Arrasaten birgaitze asko ari dira egiten eta horietan eguazkiaren energia bultzatzeko, proposatzen dugu Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50eko hobaria aplikatzea, 10 urteko epearekin. Hori bai, plakak jartzeaz gain, erabili ere egin behar dira eta erabileraren arabera aplikatuko da hobaria ere".
Alde zaharrari "bultzada" emateko lanean
Bestalde, alde zaharrara bultzada bat ematen jarraitu gura dutela nabarmendu du Garayk. "Azken urteetan askotariko hobariak onartu ditugu. Esaterako, komertzioak biziberritzeko, komertzioetan egiten diren obretan %50eko hobaria onartu genuen duela hiruzpalau urte, baita fatxadetako obretan %95era arteko hobariak ere".
Gaur egun, hobari hauek daude indarrean:
- %95eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berdinean dauden atari guztietan, irisgarritasuna, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- %75eko hobaria: eraikin berean, hots, eraikin berdinean dauden atari guztietan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- %50eko hobaria: eraikin berdineko zati bateko fatxadan, bizigarritasun baldintzak eta eraginkortasun energetikoaren hobekuntza proposatzen duten esku hartzeak.
- %25eko hobaria: eraikin osoko fatxada txukuntzeko lanak (margotzea, hormako altxatuak konpontzea eta abar).
2022ra begira, beste pauso bat eman gura dute. "Proposatzen duguna da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan %50eko hobaria aplikatzea alde zaharreko etxebizitzetan egindako obretan". Modu horretan, %50eko hobaria izango dute alde zaharreko antolamendu esparruan kokatzen diren etxebizitzetan egiten diren obrek, beti ere, obra horien aurrekontua 10.000 euro baino handiagoa bada (BEZ barik) eta etxebizitza berria egiteko obrak ez badira.
Autoak ibilgetzeko zerbitzuan aldaketa
Udalak zepoa jartzearen zerbitzua ematen dio, bereziki, Ertzaintzari. "Halere, orain arte ez da kontuan izan barik zegoen eta orain zerbitzu hori emateagatik tasa bat kobratzea erabaki dugu", dio Garayk. Zepoak, normalean, Ertzaintzaren aginduz jartzen dira eta arrazoi judizial bat egon ohi da atzean, Ubarretxenak azaldu duenez. "Dagokioen epaileak agindua eman arte ezin da autoa eraman".
Beraz, Udal Gobernuak proposatzen duena da ordaintzera behartuta egon daitezen zerbitzua eragin duten pertsonak. "Halakotzat hartuko dira eramandako ibilgailuen gidariak, eta, modu subsidiarioan, ibilgailuon jabeak, ez-legezko erabilpen kasuetan izan ezik". Modu berean, ibilgailua bide publikotik eraman bada erakunde publiko baten agindua betetzeko helburuarekin, kasu horietan, ordaintzera behartuta dagoena erakunde publiko hori izango da, baldintza eta zenbateko berdinen arabera.
Proposamenen zain
Ekainaren 2an hasi ziren ordenantza lantzen, Ogasun zinegotziaren arabera. "Lau batzordetara eraman dugu gure proposamena eta beste alderdien proposamenen zain gaude. Gaur-gaurkoz, Elkarrekin Arrasateren batzuk jaso ditugu, baina zehaztasun falta handiarekin, eta EH Bilduren aldetik ez dugu ezer jaso", gaineratu du.