Garibai etorbidea oinezkoentzako izango da

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 6a, 15:32

Ekobulebar proiektua azken fasean sartzear dago, eta aldaketa garrantzitsu baten berri eman du gaur, martitzena, Udal Gobernuak. Izan ere, Garibai etorbideko eta Jokin Zaitegiko bizilagunen eskaerari erantzunez, Garibai etorbidea oinezkoentzako izango da lanak bukatzen dituztenean, 2022ko udan. Uztail bukaeran hasiko dituzte inguru horretako lanak.

Udal Gobernuak bizilagunekin bildu ostean hartu du erabakia. "Guk oso garbi esan genien horrek guztiz bat egiten zuela Ekobulebar-aren filosofiarekin, baina aurrera begira planteatzen genuela. Dena den, bizilagunen eskaera horrek erabakia azkartu du", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Modu horretan, Kontzeziño kalearen eta Biteri kalearen artean emango da aldaketa nabariena, autobusak desagertu egingo baitira zati horretatik eta oinezkoek izango baitute lehentasuna. Beraz, Kontzeziño kaleko bidegurutzetik Iturbide ondoko garajeetaraino, baimendutako ibilgailuek bakarrik izango dute sartzeko aukera, hau da, garajeetako jabeek, Iturbidera doazenek eta zaborra biltzeko kamioiek. Garajeetatik Biteri kalearen pareraino, berriz, erabat oinezkoentzako gunea izango da.

Bestalde, lur azpiko parkingeko irteera zuzenean Biteri kalera bideratuko da, gero San Bixente Ferrer kaletik ateratzeko. Halaber, egun dauden zuhaitzak mantentzeaz gain, beste zuhaitz lerro bat ere egingo dute, berdegune lineal baten baitan. "Berdegune lineal horrek babes bat emango dio bidegorriari eta ondo bereiziko ditu oinezkoak eta bizikletak, biak ibiliko diren esparru bat izango delako", azaldu du Juan Antonio Urdangarinek, Hirigintza Saileko buruak. 

Kulturola parean, plataforma bakarra

Egun Garibain taxientzat eta motoentzat dauden aparkalekuak zein zamalanetarako erabiltzen dituztenak Biteri kalera pasako dituzte eta Biteri kaletik Nafarroa etorbidera irteteko aukera bakarra San Bixente Ferrer kaletik izango da, izan ere, Nafarroa etorbidetik Biterirako sarrera norabide bakarrekoa izango da, gune horretan trafikoa murrizteko helburuarekin. "TAO sistema martxan jartzen denean, gune hori egoiliarrendako izango da. Beraz, zamalanetara datozenek ez beste guztiek ez dute inguru horretan ibili beharrik izango eta trafikoa murriztuko da", dio Urdangarinek

Era berean, bidegorria, Biteri kaletik jarraituz, Kulturola azpitik pasako da eta Kulturola parean plataforma bakarra jarriko dute, Araba etorbidean edota Arrasate pasealekuan dagoen moduan –gehienezko abiadura 20 kilometro ordukoa izango da plataforman–.

Ekobulebar-aren obra guztiak 2022ko udarako bukatuta izatea aurreikusten du Udal Gobernuak.

Horrela geratuko dira Garibai etorbidea, Biteri kalea eta Nafarroa etorbidea.

Autobus geltokia, printzipioz, Zalduspen

Autobusei dagokienez, herri arteko geltokiak Nafarroa etorbideko biak izango dira, bi noranzkoetan eta geltoki nagusia, printzipioz, Zalduspen geratuko da, baina aurrera begira, lau leku posible daude mahai gainean: Zalduspen bertan, Laubide plazako berdegunean, EH Bilduren proposamena aintzat hartuz, Laubide plazan baina lur azpian, parkinga aprobetxatuz, edota Arruena parkean.

Dena den, egun indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez du aurreikusten autobus geltokia. "Behin betiko geltokia egiteko, lursailak birkalifikatu egin behar dira eta HAPOn txertatu, mugikortasun plana berriz aztertzearekin batera. Beraz, oso garbi ikusten dugu erabaki hori datorren agintaldikoa izango dela, berrikuspena egiteko zortzi urteko epea pasa behar baita HAPO azkenekoz burutu zenetik, 2016an kasu honetan", azpimarratu du alkateak.

Gobernuaren proposamenetako baten muntaia. Laubideko lur azpiko parkinga aprobetxatuz egingo luketen geltokia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak