Carla Guzman: "Txaetako bizilagunon iritzia aintzat hartzea eskatzen dugu"

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 30a, 14:17

Txaeta kaleko bizilagunak ez daude ados ospitale ondoan egitekoak diren aparkalekuekin. Sinadurak batu dituzte eta gaur eguerdian BAZen entregatu. Gobernuak, bestalde, garbi utzi gura izan du gune hori hornikuntza moduan dagoela jasota Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, "eta ez berdegune moduan", eta horrek aukera ematen duela, aparkalekuak, ostalaritza establezimenduak edota tamaina txikiko komertzioak egiteko espazio horretan.

Bizilagunek bi arrazoi nagusi eman dituzte aparkalekuen proiektuari desadostasuna adierazteko. Batetik, haien esanetan, foku kutsatzaile bat izango litzatekeelako, bai akustikoa eta bai airearena eta, bestetik, alboan parke bat egonik, haur eta gazteen segurtasuna ez lukeelako bermatuko. "Kontziente gara aparkaleku beharra dagoela, ospitaleko larrialdien saila gertu dagoelako, baina gure iritzia aintzat hartzea eskatzen dugu eta alternatibak bilatu, egon badaudelako, eta asko", azaldu du Guzmanek.

Alternatiba nagusia, gainera, Zalduspeko geltokia izango denaren ondoan egongo litzateke, bizilagunen esanetan, han badagoelako aparkalekuak egiteko lekua. "Autobus geltokia izango denaren ondoan dauden garai bateko fabrika eta tailer horiek aukera bat izan daitezke, eta ospitale ondo ondoan daude, gainera".

Horrez gain, gune hori kirola eta ongizatea sustatzera bideratu beharko litzatekeela uste dute, baita haurren aisialdia sustatzera ere, haur asko bizi direlako etxebizitza horietan. Azken batean, area berde bat egin gurako lukete hor. "Alboan beste etxebizitza batzuk egiten ari direla kontuan hartuta, daukagun parke bakarra txiki geratuko zaigu. Beraz, area berde bat egitea proposatzen dugu, gure haur eta nagusiak egoteko leku bat, eta baita larrialdietara datozenak ere".

Sinadurak batu dituzte eta "adostasun zabala" dago

Txaeta kaleko 14, 16 eta 18 atarietan 140 etxebizitza daude eta azaldu dutenez, bizilagun guztiek egiten dute bat aldarrikapen horiekin, baita inguruko hainbat bizilagunek ere. Hori dela eta, sinadurak jaso dituzte eta gaur, eguaztena, entregatu dituzte BAZen, Udal Gobernuari eskaera horiek egiteko.

HAPOak espazio horretan eraikitzea ahalbidetzen du

Gobernuak, ordea, garbi utzi gura izan du gune hori ekipamendu edo hornikuntza moduan dagoela jasota Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean eta ez berdegune moduan eta horrek aukera ematen du, aparkalekuak, ostalaritza establezimenduak edota tamaina txikiko komertzioak egiteko espazio horretan. "Planak jasotakoaren arabera, lursail horretan 1.832 metro karratu eraikitzeko aukera dago, eta aparkalekuek 616 metro karratuko azalera izango dute", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

Beix kolorez agertzen dena da Txaeta kaleko jardina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak