Hilaren 21ean banatuko ditu pobrezia menstrualari aurre egiteko produktuak Ahal Duguk

Hasier Larrea 2021ko eka. 14a, 16:32

Konpresak, tanpoiak, pixoihalak, toalla hezeak eta hileko-kopak jaso zituzten maiatzean herritarrengandik. Arrasaten, Musakolako Eroski supermerkatuan egon ziren lau egunez; IMME elkartea izan dute bidelagun prozesu guztian zehar.

Maiatzaren 28ko emakumeen osasunaren eta hilekoaren higienearen nazioarteko egunaren harira, Podemos Ahal Dugu alderdi politikoak Gipuzkoa mailako kanpaina abiarazi zuen maiatzean, bazterketa arriskuan daudenentzat higiene menstrualeko produktuak eta haurrentzako pixoihalak biltzeko. 

Arrasateko Ahal Duguko kideek IMME Emakume Musulmanen Elkartekoekin garatu dute kanpaina. Maiatzaren 21ean, 22an, 27an eta 28an egon ziren Musakolako Eroski supermerkatuan produktuak biltzen. "Positiboki" baloratu dute produktuen bilketa, ekarpena egindako pertsona orori eskerrak emanez. Orain, batutakoa banatzea tokatzen da. Hilaren 21ean egingo dute hori, Ospitale alboko IMMEren egoitzan, 10:30ean. Produktuak jaso nahi dituztenek Arrasaten erroldatuta daudela eta unitate familiarrean zenbat kide diren frogatu beharko dute. 

Luxuzko produktuen BEZa, "gehiegizkoa"

Kanpaina honekin luxuzko produktutzat hartzen diren hilekoaren higienerako produktuei buruz gehiago hitz egitea ere bada Ahal Duguren helburuetako bat. Oinarrizko produktuak izanik, %21eko zerga-karga murriztea eskatzen dute, pobrezia egoeran dauden pertsonek eskuragarriago izan ditzaten. Dohaintzetan jasotzen ez direla ere gaineratu dute kanpainan zehar.

IMME elkartearen laguntza ezinbestekoa izan dela aipatu dute Arrasateko Ahal Dugukoek. Kanpainaren prozesu guztian egon dira presente elkarteko kideak. Emakumeak lan munduan integratzen egiten dute lan Emakume Musulmanen Elkartekoek, eta ondotxo ezagutzen dute nortzuk diren halako produktuak eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak.

Egitasmoaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete supermerkatu eta farmazia laguntzaileei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak