Igogailua jartzeak arazoak konponduko ez dituela adierazi dio Avesantes elkarteak Udalari

Hasier Larrea 2021ko eka. 3a, 09:28

Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetako bizilagunen elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari, baina era berean, ez dago ados auzunera igotzeko igogailuen parte hartze prozesuarekin, eta kaleak eraberritzeko plan orokor bat egitea eskatu du.

Prentsa agerraldia egin dute, asteon, Musakola eta Santa Marina artean bizi diren herritarrek. Lehenik eta behin, esker oneko azaldu dira Udalarekin: "Santa Teresara eta Santa Marinara igotzeko igogailuen eraikuntza prozesua ireki izana pozgarria da, zalantzarik gabe, auzoarentzat hobekuntzak ekarriko dituelako". Era berean, gabeziak ikusten dizkiote proiektuari, parte hartze prozesuaren eta inbertsioaren aldetik.

Aldapa mekanikoak nahiago

Horren harira, joan den uztailean sortutako Avesantes elkarteko lehendakariak, Juankar Davilak, hauxe adierazi du: "Udalak mahai gainean hiru proiektu jarri ba-ditu ere, bakarra ere ez da bizilagunon beharretara egokitzen". Hori arrazoitzeko, parte hartze prozesua "igogailuen proiektuak idatzi aurretik" ireki beharko luketela aipatu du: "Eta ez ostean, gure botoek ez dutelako benetan nahi duguna adieraziko".

Izan ere, kexu dira hiru proiektuak toki berean amaitzen direlako; ondorioz, aukeratu dezaketen bakarra igogailuetarako sarbidea dela nabarmendu dute. Gainera, igogailuen instalazioak aparkalekuen galera ekarriko lukeela-eta beste arrazoi bat ikusten dute proiektuarekin ados ez egoteko: "Izan ere, handitu egingo lirateke autoak aparkatzeko arazoak".

Uste dute eskailera eta aldapa mekanikoak jartzea dela irisgarritasuna hobetzeko konponbide bat: "Gasteizen, Hondarribian eta Eibarren jarri badituzte, zergatik hemen ez? Zergatik soilik igogailuak jartzeko saia-kera hori?", galdegin du Avesantes elkarteak.

Hobekuntzak, "barra-barra"

Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleek "konponketa sakona" behar dutela diote auzotarrek: "Ia 60 urtean ez da esku hartze integralik egin, unean uneko moldaketak baizik".

Euriteak izaten direnerako kanalizazio sistema baten beharra sumatzen dute, eta Doneztebe Portuko kalearen atzealdeko mendi magalean dagoen 12 metroko luzerako eta metro eta erdiko zabalerako zuloa jarri duten adibide: "Arriskutsua izateaz gain, euste-hormari kalteak egiten dizkio; espaloi eta errepideetan ere zulo sakonak daude uraren filtrazioen ondorioz".

Doneztebe Portuko kalean, ur filtrazioek eragindako zuloak.

Zaharkitutzat jotzen dituzte lurra "gero eta irristakorrago" egotea dakarten espaloiak, eskailerak, farolak eta aparkalekuak. Zebrabide zein autobus geltokietan koskak egotea ere ez dute mugikortasunari dagokionez onuragarri ikusten. Gainera, larrialdietako ibilgailuentzat errepidean gora igotzea "oso zaila" dela diote; bihurguneetan, batez ere.

Arratoi eta labezomorro "ugari" daudela ere aipatu dute, eta espero dute Udalak neurriak hartuko dituela animalia horien presentzia murrizteko. Bestalde, ez dute ulertzen zergatik Mankomunitateak oraindik ez duen eurekin "bilera bat egin nahi", zakarrontzien, zabor-edukiontzien eta objektu astunen gaiari heltzeko.

Arratoi zuloak Santa Teresan.

"Gu ere arrasatearrak gara"

Gainontzeko auzoetako bizilagunen iritziak kontuan hartu dituzten neurrian, eurei ere kasu egiteko eskatzen dute Avesantes elkartekoek, euren bizitokia herrian dagoen gunerik "baztertuena" dela iritzita: "Haurrentzako parkerik ez duen auzune bakarra gara, esaterako". Zerrendatutako hobekuntzak egitea "presazkoa" dela azpimarratu dute, lau bizilagunetatik bat 65 urtetik gorakoa dela aintzat hartuta. 2017ko datuen ara-bera, 1.065 lagun zeuden erroldatuta Santa Teresa, Agerre, Galizia eta Doneztebe Portuko kaleetako atarteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak