Proiektuaren helburua bakarra da: Musakola eta Doneztebe Portuko kaleen arteko irisgarritasuna sistema oso baten bitartez hobetzea. Era horretan, hiru aukera posible aztertu ditu Gobernuak eta orain arrasatearren baina, bereziki, inguruko auzotarren iritziak jaso gura ditu, horiek ze aukeraren alde egiten duten ikusi ondoren, proiektua idatzi eta lehiaketa publikora atera ahal izateko. "Iritzi bilketa bat egin gura dugu, ikusteko hiru aukera hauen artean zeren aldeko hautua egiten duten. Horrekin, asmoa da proiektua osatzea bizilagunekin elkarlanean eta haien iritziarekin bat etorrita", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.
Aukerei dagokienez, goiko zatia, Agerre eta Galizia kaleak lotuko dituena, bera da hiru proposamenetan, ez dutelako aukera hoberik ikusi zati horretan. Aldaketak beheko zatian egongo lirateke.
Hauek dira hiru proposamenak:
Lehen aukera
Bi igogailu, Galizia eta Santa Teresa kaleetan, eta lau pasabide. "Puntu altuena hartu eta irisgarritasun handiena lortzen den lekua hartu dugu kontuan. Goian bizi den ahalik eta jende gehiena behera jaisteko kokapen egokiena hartu dugu igogailua jartzeko. Modu eraginkor bat, azkarra, behetik goraino igotzeko".
Bigarren aukera
Hiru igogailu, Gernika, Galizia eta Santa Teresa kaleak lotuko dituztenak, eta lau pasabide.
Hirugarren aukera
Hiru igogailu, Elkano, Galizia eta Santa Teresa kaleak lotuko dituztenak, eta lau pasabide.
Ekainaren 17ra arteko epea
Aukeraketa Toki Argi erretiratuen elkartean eta udal webgunean egin ahal izango dute arrasatearrek, ekainaren 17ra arte eta behin iritziak jasota, Gobernuaren asmoa da 2021eko bigarren seihilekoan proiektua idaztea eta, ondo bidean, lanak 2022an hastea.