Santa Teresako bizilagunak batuta, auzoan behar dituzten konponketak eskatzeko

Xabi Gorostidi 2020ko uzt. 14a, 14:40

Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetako bizilagunek elkartea sortu dute, auzoak dituen arazoak kolektiboki aldarrikatzeko. Irisgarritasuna eta euste-hormen prekarietatea ahalik eta azkarren konpontzeko inbertsioak eskatu dituzte. 1.000 lagunetik gora bizi dira bertan, eta %25ak 65 urtetik gora ditu. 

Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetako bizilagunek auzo-elkartea sortu dute, nagusiki, auzoan dituzten konponketak era kolektiboan aldarrikatzeko. Atzo egin zuten aurkezpen bilera jendetsua, eta argi utzi zuten "auzotik eta auzoarentzat" sortutako elkartea dela, "inongo erabilera politikorik onartuko ez duena". 

Atzo egindako aurkezpenean, auzotar ugari. 

Aipatutako bi kale horien bueltan 31 atarte daude, eta 2017ko erroldaren arabera 1065 lagun bizi dira bertan. Horien ia %25ak 65 urtetik gora ditu, eta horiek dituzten irisgarritasun arazoak konpontzea da elkartearen lehentasunetako bat. 

Adindun pertsona bat, autobus parada alboko eskailerak igotzen. (Argazkia: Auzo-elkartea).

Irisgarritasuna

Udal Gobernuak martxan du inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen proiektua. Auzotarrek begi onez ikusten ditu inbertsio hori, baina diote, konponketa txiki eta xinple gehiago behar direla pertsona nagusien irisgarritasunarekin lotuta.

Pertsona bat aldapa bat igotzen beste baten laguntzarekin. (Argazkia: Auzo-elkartea)

Egoera txarrean dauden eskailera eta barandak eta arrapalarik gabeko sarbideak konpontzea beharrezkotzat jo dute. Kale horietarako Udalak esku-hartze batzuk aurreikusten ditu 2019-2023 irisgarritasun planaren barruan, baina motz geratzen direla uste dute. 

Euste-hormak

Malda baten gainean eraikitako auzoa izanik euste-horma ugari daude, eta horien egoera prekarioa ere salatu dute.  "Euste-hormen egoera oso prekarioa da. Arrakalez beteta daude, ur-filtrazioz josita daude, eta zulo handiak eragiten dituzte; beldurtzeko eta arduratzeko moduko zuloak" azaldu du elkarteko bozeramaile Juan Carlos Davilak.

2019ko aurrekontuetan magalak egonkortzeko 200.000 euroko partida bat zegoela adierazi dute, baina oraindik ez dela exekutatu. Hala, udal teknikariei azterketa berri bat egitea eskatu diete, presazko izaeraz, ordutik hona egoerak okerrera egin duelako, eta bizilagunen kezka handituz doalako. 

Udalak, auzoko espaloiak konpontzeko 660.000 proiektu bat ere egin zuela azaldu dute, 2019 eta 2020 bitartean egin beharrekoa, baina lan hauek oraindik egin gabe jarraitzen dutela adierazi dute. 

Hiri-altzaritza "zaharkitua"

"Mantenu falta dela eta" hiri-altzaritza "oso egoera txarrean" dagoela ere salatu dute, eta banku zaharkituak edo borratzetik gertu dauden zebrabideak jarri dituzte adibide gisa. Berriki, bi banku berri jarri dituzte, baina modu txarrean jarri ostean aste gutxiren jada erabilgaitz geratu direla adierazi dute. 

Auzoko bi autobus paraden egoera ere salatu zuten: "Batak ez du eserlekurik, ez markesinarik. Besteak markesina eta aulkia ditu, baina aulkia ez dago zentratuta eta txikiegia da. Horrez gain, markesinak ez du kristalik alboetan, eta euria egiten duenean berdin-berdin bustintzen zara" adierazi du Davilak.

Markesina duen paradaren irudia: (Argazkia: Auzo-elkartea).

Segurtasun eta saneamendua

Azkenik, segurtasun eta saneamendu hobekuntza batzuk egiteko beharra aipatu dute. Lurrean goroldio ugari dagoenez neguan irristakor egoten dela adierazi dute, eta Santa Teresa 1, 3 eta 5 atarteen atze aldean dagoen landaredia ia etxeak ukitzera heltzen dela ere salatu dute. 

Udalarekin batzarra

GOIENA harremanet
an jarri da Udal Gobernuarekin, gaiari buruz galdetzeko, eta jakinarazi dutenez aste honetan bertan egingo dute batzarra bertako bizilagunen ordezkariekin "proiektuak zein puntutan dauden azaltzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak