Kepa Urteagak liberatu funtzioa hartu du

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 4a, 20:52

Maiatzeko osoko bilkuran "azken orduko puntu gisa" sartu dute liberazio aldaketa, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren baiezko botoekin onartu dute (EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira). Hala, ekainetik aurrera liberatuta egongo da Urteaga. Bestalde, TAO sistema kudeatzeko kontratua esleitzea ere onartu du udalbatzak eta baita zeresan handia eman duen etxebizitzen gaineko mozioa ere.

Maria Ubarretxenak eskerrak eman dizkio Aitor Zubiagari, liberatu gisa eman dituen ia bi urteetan "egindako lanagatik, jarrera baikorragatik eta akordioetara heltzeko prestutasunagatik" eta Urteagari hark jarrera bera edukitzea espero duela esan dio. Azken honek eskertu dizkio hitzak, zera gaineratuz: "Beti eduki izan dut jarrera baikorra eta edukitzen jarraituko dut".

TAO sistema, irail edo urri inguruan martxan

Udalak Gertek Sociedad de Gestiones y Servicios SA enpresari esleitu dio TAO sistemaren kudeaketan asistentzia emateko zerbitzua, urtean 468.143,86 eurogatik (BEZa barne), sei urte eta sei hilabeteko epean. Halaber, uda osterako sistema martxan izatea aurreikusten du alkateak.

Puntua onartuta geratu bada ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasate udal taldeak ezezko botoa eman dute, kontratazio publikoaren defentsa eginez. "TAO sistemaren alde gaude, baina ez azpikontratzearen alde. Langileen lan-baldintza duinak errespetatzen diren edo ez ikusiko dugu. Orduan hausnartuko dugu ea herri honek TAO sistema publiko edo pribatu bat behar duen", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek. Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek ere bat egin du jarrera horrekin. "Aurka bozkatuko dugu, kudeaketa publikoa enpresa pribatuetara bideratzea ez delako guk gura dugun eredua".

Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak erantzun die kontratazioan parte hartuko duten langileei Gipuzkoako aparkalekuaren hitzarmen kolektiboa eta trafikoaren ordenantza aplikatuko zaiela. "Langileen eskubide eta betebeharrak publikoak izango dira".

Etxebizitzen mozioa ez du bozkatu EH Bilduk

Hasiera batean, etxebizitzen baitako bi mozio ziren aurkeztekoak, EAJ eta PSE-EErena batetik eta Elkarrekin Arrasaterena bestetik. Hala ere, gutxieneko adostasun batzuk lortu ostean, mozio bakarra aurkeztu dute. 

Hala ere, EH Bilduk mozioa erretiratzeko eskatu du. "Testua 15:17an jaso dugu, Whatsapp bidez, eta kide askok irakurri ere ez dute egin. Profesionaltasun falta handia erakusten du horrek", azaldu du Morrasek. 

Ezkurrak erantzun dio pasa den egueneko bozeramaile batzordean konpromisoa hartu zutela adostasun batera iristeko eta EH Bilduk ez zuela inungo aipamenik egin. 

Urteagak eskatu du mozioa atzeratzeko eta datorren osoko bilkurarako adostasunak lortzen saiatzeko ahalegina egiteko, eta Maria Ubarretxena alkateak zera erantzun dio: "Ezagutzen zenituzten bi mozioak, eta hilabete eduki duzue lanketa hori egiteko. Beraz, hurrengorako saiatuko gara, gura baduzue, adierazpen instituzionalerako adostasunak lortzen, baina mozio hau bozkatu egingo dugu".

Tirabira luze baten ostean, bozketara pasatu dira eta EH Bilduko zinegotziek ez dute bozketan parte hartu, argudiatuz ez zekitela zer zen bozkatzen ari zirena eta "defizit demokratikoa" salatuz. "Hausnartu beharko genukeena da prozedura nola hobetu. Hemendik ikasi, eta ez elkarri harriak bota", gaineratu du Abuinek.

Juana Ruizen atxiloketaz

Galdera-erantzunen tartean, hainbat gai plazaratu ditu Morrasek. Lehenik eta behin, Juana Ruiz aktibistaren atxiloketa: "Zisjordanian ari zen lanean eta 75 egun atxilotua izateko arriskua du, egozten zaizkion delituak zeintzuk diren jakin gabe. Hona etorri zen proiektua azaltzera eta gurako genuke jakitea Udal honek ze egingo duen horren harira, babesik emango ote dion". Ezkurrak erantzun dio ez zeukala gaiaren berri. "Galdera jaso dugu eta erantzungo dizugu".

Zuntza2021 taldearekin lortutako akordioa

Bestalde, Gobernuak Zuntza2021 taldearekin lortutako akordioak eztabaida piztu du. "Atzo, komunikabide batean jakin genuen akordioaren berri, nahiz eta gero albistea kendu zuten. Beti azkenak gara enteratzen. Barne lanketa baino garrantzitsuagoa da argazkia zuentzat. Ez dakizue informazioarekin egiten duzuen erabilerak zenbat kalte egiten digun guri", adierazi du Morrasek.

Ezkurrak zera gaineratu dio: "Historikoki egon den arazo bati konponbide bilatzen saiatzen ari gara. Bildu gara bizilagunekin eta asmo batzuen berri emango dugu bihar pentsaurreko batean. Albiste ona da eta hori izan beharko litzateke inportanteena".

EH Bilduko bozeramaileak erantzun dio haiek ere pozik daudela akordio horregatik. "Baina gu ez gabiltza hori esaten. Informazio guztia prentsan zabaldu ostean abisatzen diguzue guri". Abuinek berretsi egin du hori. "Guri eskatzen diguzue gaiak aurrez lantzeko eta zuek prentsa lehenesten duzue eta gero eramaten duzue gaia batzordera".

Laguntzak, sektore guztietara

Bestalde, ostalariekin egon diren dirulaguntza lerro zuzenak eta negoziazioak pandemiak kaltetu dituen beste lanbide eta kolektiboetara zuzentzea eskatu dio Gobernuari Morrasek. "Guk dakigula ez dela azterketarik egin jakiteko ze sektore izan diren kaltetuenak. Uste dugu ostalariei eman zaien arreta zabaldu egin behar dela beste sektore batzuetara".

Zigor ekonomikoak eta lan komunitarioak

Azkenik, zigor ekonomikoak lan komunitarioengatik ordezkatzeko eskaera egin du EH Bilduk, eta Gobernuak erantzun dio gaia aztertzen ari dela. "Gazte batek idatzi digu eskatuz zuek eskatzen duzuen hori, hau da, isuna altua dela eta lan komunitarioagatik ordezkatzeko. Bat egiten dugu zuekin, eta pertsona honi ere erantzun diogu Udalak Jaurlaritzari eskatu diola aintzat har dezan eskaria. Udala prest egongo litzateke lan komunitario hori jartzeko eta prest gaude Obrak Zerbitzuak Mantentzea eta Auzoak batzordean oposizioarekin lantzeko beste eredu bat", azaldu du Ezkurrak.

Morrasek azpimarratu du asko pozten dela Gobernuaren jarrera, ikuspuntua eta hausnarketa hori delako. "Baina guk duela sei hilabete egin genizuen eskaera eta hausnarketa hori orduko hartan egin izan bazenute, gazte gehiagok edukiko lukete lan komunitarioak egiteko aukera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak