Aitor Zubiagak bete duen liberatu funtzioa Kepa Urteagak hartuko du "epe motzean"

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 31a, 12:18
Aitor Zubiaga eta Kepa Urteaga.

Arrasateko EH Bilduren herri-proiektua eraberritzeko trantsizio prozesua martxan dute urtea hasiz geroztik. "Prozesu horrek gure antolaketa eta lan moldeak herri-proiektu horren beharretara egokitzeko bidean jarri gaitu, udalgintzako zein herrigintzako lantaldeen funtzioak eta rolak berrikustera, besteak beste", azaldu dute.

Azpimarratu dutenez, hamar urte dira lau alderdiren indarrak batu eta ezkerreko soberanismoaren espazio politikoa artikulatzen hasi zirela. "Prozesu haren emaitza da gaur egungo EH Bildu, pasa den otsailaz geroztik bere II. Kongresuan murgilduta dagoena". Era berean, aitortu dute termino globaletan "erabakigarria" izango den hamarraldi baten atarian iritsi zaiela proiektu politiko eta organizatiboa eguneratzeko unea ere. 

Halere, "ilusioz eta erantzukizunez" heldu diote II. Kongresuari, "zibilizazio krisi larri batek aro berri batean murgildu gaituen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa delako Euskal Herriari ezkerretik eta soberanismotik sortutako herri-egitasmo bat eskaintzea".

Nazio mailako prozesua bakarrik ez, herri mailakoa ere izaten ari da eta Arrasateko EH Bilduren herri-proiektua eraberritzeko trantsizio prozesua ere martxan daukate. "Izan ere, herri gisa ditugun erronka erraldoiei erantzungo badiegu lan instituzionalaren eta herri bulkadaren arteko fusioan ardaztutako proiektu sendo eta zabal baten beharra daukagu eta horren lanketan dihardugu EH Bilduren oinarri sozialarekin eskuz-esku".

Liberatu funtzioan, aldaketa

Prozesu horrek, azaldu dutenez, antolaketa eta lan moldeak herri-proiektu horren beharretara egokitzeko bidean jarri du koalizioa,  udalgintzako zein herrigintzako lantaldeen funtzioak eta rolak berrikusiz, besteak beste. "Ondorioz, udal zinegotzi taldearen antolaketan ere aldaketak etorriko dira, orain arte Aitor Zubiagak bete duen liberatu funtzioa Kepa Urteagak hartuko duelarik epe motzean. Zubiagak zinegotzi karguan jarraituko du, Hirigintza eta ingurugiro batzordeko kide gisa, besteak beste. Horiek horrela, Zubiaga eta Urteaga EH Bilduren proiektu politiko-sozialarekiko erakusten ari diren konpromisoa azpimarratu gura dugu, euren lan eskuzabala publikoki eskertzeaz batera". Horrez gain, prozesuaren baitan, bestelako egokitzapen batzuk egongo direla ere adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak