Zigor ekonomikoak lan komunitarioengatik ordezkatzeko eskatu du EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 4a, 10:26
2020ko irailean, herritarrek utzitako zaborra, Santa Barbara parkean.

Arrasateko EH Bilduk bi eskaera egin dizkio Udal Gobernuari: "Udalak beharrezko gestioak egin ditzala Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailean, Arrasateko gazteei jarritako isunak komunitatearen aldeko lanarekin ordezkatuak izateko aukera egon dadin eta ordenantza bat arautu dezala non zigorrak lanengatik ordezkatuak izan daitezkeen isuna jasotzen duen pertsonak halaxe nahi izanez gero".

Koalizio abertzaleak azaldu duenez, 2020ko irailean, Monterron parkean eta Uribe Auzoan udaltzainek isunak ezarri zizkieten hainbat gazteri, ustez edaten egoteagatik. "Ez dakigun arren, zehatz-mehatz, isuna jaso zuten gazteak zenbat izan ziren, gugana etorri diren gurasoek eta gazteek emandako informazioagatik, hogeita hamarretik gora izan daitezkeela kalkulatzen dugu", adierazi dute. "Arrasateko Udaltzaingoak isun horiek, herrian izapidetu ordez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailera bidali zituen eta gazte bakoitzari 1000 euroko isuna heldu zaio".

Horren aurrean, azpimarratu dute isunen kantitatea "oso altua" izateaz aparte, egindako ekintzarekiko proportziorik errespetatzen ez dutela. "Adibide batzuk jartzearren, musukoa ez eramatea 100 eurorekin zigortzen da, itxiera perimetrala ez betetzea 300 eurorekin edota terraza batean lau pertsona baino gehiago egotea 300 eurorekin".

EH Bilduren ustez, Gobernuak bi gauza landu beharko lituzke: "batetik, herrian diseinatutako zigor araudi bat, legea errespetatzen duena eta justizia erreparatiboa lantzen duena. Eta, bestetik, udaltzainen lanaren eredu berri bat, non herrirako lan egiteko helburuarekin balore hezitzaileak eta laguntzaileak lehenetsiko diren, kolektibo jakinen kriminalizazioa saihestuz".

Izan ere, koalizioak beharrezkotzat jotzen du gazteek zein herritar orok, zenbait hutsegite egiten dituztenean, zigorrak beti ekonomikoak izan beharrean, aukera edukitzea herriaren aldeko lan komunitarioagatik ordezkatzeko, eta horretarako ordenantza bat arautzea eskatzen dio Gobernuari."Ez gabiltza eskatzen isunik ez jartzea, eskatzen ari garena da gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko honetan zigor ekonomikoei ordezkapen sistema bat eraikitzea. Hau berau ematen da zigor-kodean, non kartzela zigorrak komunitatearen aldeko lanengatik ordezkagarriak diren kasu askotan, hutsegite administratiboak baino larriagoak diren delitu batzuk barne".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak