Udalarekin adostutako akordioak bete ez direla salatu du Arrasateko Ostalariak taldeak

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko api. 9a, 11:11

Ordu eta laurden inguruko protesta zaratatsua egin dute goizeko lehen orduan ostalariek udaletxearen aurrean. Abenduan Udalarekin adostutako lau akordioak bete ez izana salatu dute.

Arrasateko ostalariek protesta egin dute goizeko lehen orduan Arrasateko plazan. Herriko 90 bat tabernak osatzen duten Arrasateko Ostalariak taldeak egin du deialdia. Abenduan Udalarekin adostutako lau akordioak bete ez izana salatu dute udaletxe aurrean egindako bilkura zaratatsuan.

Halaxe azaldu dute: "Lehen akordioa da laguntza zuzenak ematea hilabetero itxita gauden bitartean, eta taberna batzuek oraindik ez dute kobratu, gure ustez arrazoi finkorik gabe. Bigarren akordioa da zaborraren eta uraren tasak lehen sei hilabetean ez ordaintzea, eta urarena bai, baina zaborraren tasa oraindik ez digute itzuli; gutxi gorabehera, guztion artean 50.000 euro inguru dira. Hirugarrena da, ostalari guztiei erraztasunak ematea terrazak jartzeko, eta ez da erraztasun bat bera ere eman. Laugarrena, terrazen ordenantza egoki bat sortzea da, eta susmoa dugu ez dutela ezer egingo. Arrasate herri garrantzitsua da Gipuzkoan, eta uste dugu ordenantzarik ez duen bakarrenetarikoa dela".

Ordu eta laurden inguruko protesta zaratatsua izan da. Ostalaritza aurrera, Nik ostalaritza babesten dut, eta Errespetua gisako mezudun pankartak erakutsi dituzte ostalariek udaletxera begira, eta alkateari "aurpegia emateko" eskatu diote. Azken ordu erdian Ertzaintza ere gerturatu da Arrasateko plazara. Bilkura egiteko baimenik eskatu ez dutela gogorarazi diete ostalariei. Ostalariek azken orduko erabaki bat izan dela azaldu dute eta bestelako barik minutu gutxira bukatu dute bilkura.

"Erantzun urgente eta azkarra" eskatzen dute

Arrasate eremu gorrian sartu da aste honetan eta horrek are gehiago okertu du herriko ostalarien egoera. Gogoratu behar da, azken murrizketen ondorioz, eremu gorrian dauden herrietako taberna eta jatetxeek 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bakarrik izan ahalko dituztela establezimendu barrualdeak irekita. Gainerakoan, soilik terrazetan zerbitzatzeko aukera izango dute.  Ondorioz, hamaika taberna itxita daude herrian.

Egoeraren lazgarritasuna dela-eta, "erantzun urgente eta azkarra" behar dutela diote ostalariek, eta azpimarratu dute Udaletik halakorik ez dutela oraindik jaso.

Arrasateko Udaletik, protestaren gaineko balorazioetan sartu barik, Goienari jakinarazi diote batzarra deitu dutela datorren asteko asteazkenerako Arrasateko Ostalariak taldearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak