Arrasateko Ostalariak taldea sortu dute

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 11a, 14:06

Arrasateko ostalariek gaur eguerdian egin duten elkarretaratzea.

Herriko 75 lokalek eta 300 langilek osatzen dute taldea eta helburua da "Arrasateko ostalaritzak dituen beharrak identifikatzea eta asetzea". Udalarekin atzo egindako bilera begi onez ikusi dute, baina "bide luze" baten lehen pausoa dela azpimarratu.

"Ostalarion eguneroko beharrak defendatzeko, administrazioarekin elkarlana ziurtatzeko eta herriko talde, komertzio, kultur, kirol eta elkarteekin kolaboratzeko egingo du lan Arrasateko Ostalariak taldeak", adierazi dute gaur egin duten prentsa agerraldian.

Herriko 75 lokal eta 300 langile batzen dituen eta sortu berri duten Arrasateko Ostalariak taldearen ustez, Udalak aurkeztu berri dituen laguntza horiek ez dira nahikoa "herriko ostalaritzak eta Udalak izan duten komunikazio falta eta desadostasunak sortu dituzten urteetako beharrak amaitzeko". Hala ere, pozik azaldu dira atzo Udalarekin egindako bilerarekin. "Aspalditik dator marjinatu eta abandonatuak sentitu garela kolore guztietako politiko zein Udal teknikoen aldetik. Diskriminatuak sentitu gara beste sektoreekin alderatuz. Hala ere, pozik gaude atzo Udalarekin izandako bilerarekin eta orain arteko egoera aldatu daitekeelakoan gaude. Atzokoa lehenengo pausoa izan zen, baina, oraindik ere, bide luzea dago aurretik".

Diru-laguntza zuzenak izango dira establezimenduak dituen langile kopuruaren araberakoak:

  • 1.000 euroko diru-laguntza zuzena itxita egondako hilabete bakoitzeko 0-3 langile artean dituzten ostalaritza saltokiei.
  • 1.200 euroko diru-laguntza zuzena itxita egondako hilabete bakoitzeko 4-6 langile artean dituzten ostalaritza saltokiei.
  • 1.400 euroko diru-laguntza zuzena itxita egondako hilabete bakoitzeko 7 langile edo gehiago dituzten ostalaritza saltokiei.

Ostalariek diotenez, hainbat konpromiso adostu zituzten elkarlanean, urtarrilean martxan jarriko diren bileretan lantzeko: hala nola, COVID-19 garaiak jarraitzen duen bitartean ostalari guztiek erraztazunak izatea terraza jartzeko, orain martxan diren terrazetan eginiko inbertsioetarako laguntzek luzapena izatea 2021ean ere, eta terraza ordenantza egoki bat sortzea.

Eusko Jaurlaritzari, halaber, eskatu diote erreskatea ahalik eta azkarren bideratzea, azpimarratuz 2020ko martxotik ostalari askok ez dutela beraien jarduna martxan jartzerik izan.

Azkenik, arrasatearrei eskerrak eman gura izan dizkiete azaldutako babesagatik. "Udalarekin eta ostalarien elkarlanarekin adostu ditugun laguntza zuzenen parte dira. Arrasateko ostalaritza osatzen dugun 300 familiek bihotzezeskertzen dugu beraien babesa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak