Apirilean abiatuko da Altamirazpi eta Jose Luis Iñarra kaleen eraberritzea aukeratzeko prozesua

Amaia Txintxurreta 2021ko api. 8a, 12:20

Bizilagunekin batera garatu nahi du Arrasateko Udalak, Altamirazpi eta Jose Luis Iñarra kaleen eraberritzea. Proiektu aproposena aukeratzeko hiru fasetan garatuko dute parte-hartze prozesua eta apiriletik maiatzera bitartean iraungo du horrek.

Arrasaten, 2019ko partaidetzazko aurrekontuetan, herritarrek lehenetsitako proiektuen artean, Jose Luis Iñarra kalearen berrurbanizazioa atera zen. Hala, proiektua aurrera eramateko pausoak eman ditu Udalak eta auzotarrekin garatu nahi du bizilagunak prozesuan inplikatu eta berrurbanizazio proiektua elkarlanean adosteko.

Parte-hartze prozesua, hiru fasetan 

Apiriletik maiatzera bitartean garatuko dute parte-hartze prozesu hori eta hiru fase izango ditu. Lehenengoan, proiektu aukeren aurkezpena egingo dute. Maria Ubarretxena alkateak adierazi du esku artean dituzten bi proiektuak aurkeztuko dizkietela herritarrei, eta horretarako, bi bilera ireki antolatu dituztela. Aurkezpen bilerak apirilaren 14an eta 19an egingo dituzte udaletxean arratsaldeko 18:30ean, osasun eta segurtasun protokoloak betez, eta horretarako, aurrez eman beharko da izena telefonoz 688 648 040ra deituta edo smartinez@aztiker.eus helbidera idatzita.

Proiektu aukeren aurkezpena egin ondoren, bizilagunen iritzia ezagutu nahian, galdetegi bat helaraziko diete auzotarrei etxeko postontzietara apirilaren 22a eta 30a bitartean. Galdetegi hori entregatzeko, hainbat bide egongo dira: BAZen egongo den kutxa batean utzita edota horretarako zehaztuko den helbide elektronikoaren bitartez.

Azkenik, bizilagunen iritziak aztertu eta proiektua aukeratzeko bilera egingo dute maiatzaren 13an. Asmoa izango litzateke berrurbanizazio lan horiek aurten bertan egin ahal izatea.

Alkateak auzotarrei parte hartzeko deia egin die, proiektua herritar gehienen gustukoa izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak