Irmoki gaitzetsi dute herritarrek Maria Angeles Ibarluzearen erailketa matxista

Hasier Larrea 2021ko urt. 2a, 13:04

Ehundaka pertsona bildu dira Arrasateko herriko plazan gaur eguerdian Maria Angeles Ibarluzea Etxabe arrasatearraren erailketa matxista gaitzesteko. Arrasateko mugimendu feministak "emakumeon kontrako biolentziarik" onartuko ez duela adierazi du elkarretaratzean, senide eta lagunei "elkartasunik beroena" helaraziz.

Hogei minutuko isilunea egin dute herritarrek, 12:30ean hasita, Marian Ibarluzearen hilketa salatzeko. Jende ugari batu da Arrasateko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzera, hildakoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko asmoz. 

Pottogorriak, Arrasateko Emakumeen Mundu Martxa eta Arrasateko Bilgune Feministako kideek komunikatua irakurri dute ondoren, 2020a "zorigaiztoko albiste batekin amaitu dugula" nabarmenduz. Abenduaren 28tik desagertuta zegoen Marian Ibarluzea -65 urte-; arrasatearra jatorriz, duela 40 urte baino gehiago joan zen herritik, eta azken hamar urteetan Gran Canarian bizi zen. Guardia Zibilak Ibarluzearen gorpuzkiak aurkitu zituen abenduaren 30ean bere etxe inguruan, eta hurrengo egunean polizia etxean entregatu zen haren orduko bikotekidea, 43 urteko gizonezko sevillarra.

Komunikatuan Ibarluzearen senide eta lagunei "elkartasunik beroena" helarazi nahi izan diete Arrasateko mugimendu feministako kideek, euren partetik "laguntza eta prestutasun osoa" eskaintzen dizkietela adieraziz. Erailketa matxistak "emakumeon aurkako biolentziaren muturreko ondorio" bezala definitu dituzte, "bestelako biolentziekin" elkar elikatzen direla gehituz. Hori horrela, erailketak "icebergaren punta" baino ez direla plazaratu dute eta "arazo kolektibotzat" jo dute emakumeen aurkako indarkeria oro, "guztion artean amaiera eman behar diogula" erantsiz.

Azaroaren 25ean esandakoaren berrespena

Pandemia egoerak eta horrek eragin duen krisi sanitario, sozial, ekonomiko eta zaintza krisiak emakumeak "are eta egoera zaurgarriagoan" utzi dituela azpimarratu dute mugimendu feministako kideek. Azken hilabeteetan harturiko neurriak "eskala indibidualean eta ohiko familia tradizionalen logikan" pentsatu direla ondorioztatu dute, "kontutan hartu gabe espazio horiek ez direla guztiontzako seguruak". Beraz, Instituzioek "etxe barruan gertatzen diren biolentzia matxistei aurre egiteko baliabideak" eskaini ez dituztela ziurtatu dute.

Horregatik, "lehenbailehen eta denon artean" arazo horri aurre egiteko baliabide eta neurri zehatzak aldarrikatu, exijitu eta ezartzea eskatu dute, 2021ean beste erailketarik edo biolentzia kasurik salatu behar ez izateko.

"Zaintza komunitarioa denon ardura" dela berretsi dute, "komunitate feminista josi eta aktibatzea" lehentasunezkoa dela iritzita. "Bat erasotzen badute, guztiok erantzungo dugula" esanez amaitu dute irakurketa, eraso sexistarik gabeko mundua eta autodefentsa feminista aldarrikatuz.

Ildo horretan mintzatu da komunikabideen aurrean Eneritz Ugalde mugimendu feministako kidea, goiko bideoan agertzen den bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak