Eragile feministek elkarretaratzea deitu dute bihar, azken hilketa matxista salatzeko

Hasier Larrea 2021ko urt. 1a, 13:42

Abenduaren 30ean Marian Ibarluzea Etxabe arrasatearraren gorpuzkiak aurkitu zituen Guardia Zibilak Kanaria Handiko Galdar herrian. Hurrengo egunean emakumearen bikotekidea eta ustezko hiltzailea Lanzaroteko komisarian entregatu zen. Urtarrilaren 2an, eguerdiko 12:30ean, izango da elkarretaratzea, Arrasateko herriko plazan. 

Arrasateko Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Arrasateko Bilgune Feministak elkarretaratzea deitu dute herriko plazan bihar, eguerdiko 12:30ean, Marian Ibarluzea Etxabe 66 urteko arrasatearraren erailketa matxista salatzeko, "eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista" lelopean. 

Hainbat hedabideren arabera, biktimak hamar urte inguru zeramatzan Kanaria Handian bizitzen, duela hiru hilabete ezagutu zuen bere bikotekidea eta ez zuen aurretik haren kontrako salaketarik jarri. Ustezko hiltzaileak, bestalde, denbora gutxi zeraman irla horretan bizitzen, eta delitu txikiagoko aurrekari batzuk zituen.

Emakumearen lagun batek salaketa jarri zuen abenduaren 30ean, duela bi egunetatik haren mezuak jasotzen ez zituela eta. Guardia Zibilak gorpuzki batzuk aurkitu zituen bizitoki batean, Marian Ibarluzearenak izan zitezkeenak, eta berehala eman zuen haren bikotekidea atzemateko agindua. Hurrengo egunean entregatu zen gizonezkoa komisarian; aurreko egunean ezagun bati erailketaren berri eman zion, gorpua bere bizitokiaren ondoan lurperatu zuela aitortuz. 

Iaz, lau erailketa matxista

Eragile feministek salatu dute 2020an guztira lau euskal herritar izan zirela erailak biolentzia matxistagatik. Erailketa matxistak "emakumeon aurkako biolentziaren muturreko ondorio" direla eta "bestelako biolentzia ugarirekin elkar elikatzen" direla gogoratu dute, "atzera bueltarik ez duen ekintza izanik, bereziki era gogorrean kolpatzen gaituela" gogoratuz.

Era berean, emakumeen aurkako biolentzia"berria ez dela eta kasualitatez gertatzen ez dela" adierazi dute, "sistemikoa eta estrukturala" dela zehaztuz. Pandemia egoerak emakumeak "are eta egoera zaurgarriagoan" uzten dituela salatu dute, eta "2021ean denon artean honi aurre egiteko baliabide eta neurri zehatzak aldarrikatu, exijitu eta ezarri behar ditugula" iradoki dute, "2021ean beste erailketarik edo biolentzia kasurik salatu behar ez izateko".

Bitartean, ezinbestekotzat jotzen dute "gertaera lazgarri honen aurrean gaitzespenik sendoena agertzea", eta maskarak, distantzia eta segurtasun neurri guztiak bermatuz, urtarrilaren 2an eguerdiko 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Arrasateko herriko plazan. Bertara gonbidatu dituzte herrikide guztiak, "denok batera egoera hau salatu eta gaitzesteko".

"Ez dugu emakumeon aurkako biolentziarik onartuko, bat erasotzen badute denok erantzungo dugu", adierazi dute herriko eragile feministek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak