Autobus urbanoaren linea berria jarriko du Udalak, "ekainetik aurrera"

Hasier Larrea 2020ko aza. 27a, 13:19

Arruena parkean aparkaleku disuasorioa jarriko dute, erdigunean aparkatzen dutenek autoa bertan utzi eta herribusa erabil dezaten. TAO zerbitzuaren prozesu parte-hartzailean egindako eskaerari erantzuteko jarriko du Udalak linea berria.

Arrasateko herribusa bi linea izatetik hiru linea izatera pasako da datorren udatik aurrera. Herriko 17 paradatatik igaroko da urbano berria, beste lineek baino ibilbide azkarragoa eginez. Arruena, Arimazubi eta San Andres lotuko ditu, ondorioz, ez da aldapadun auzoetatik pasako, erdiguneko kaleetatik baizik.

TAO zerbitzuaren prozesu parte-hartzailean egindako eskaerari erantzuteko jarriko du Udalak linea berria.

Udalak garraio publikoaren erabilera bultzatu nahi du horrela, Arrasate iraunkorragoa eta jasangarriagoa izan dadin. Herritar gehiagoren beharrei erantzuteko asmoz,  mugikortasun eredu berriak ezarri nahi ditu Udal Gobernuak. Autobus urbanoaren egokitzapenak definitu ostean, lizitazioa jarriko dute martxan.

Hirugarren linea horrek 200.000 euroko inbertsio gehikuntza suposatuko du. 2021ean Herribusa mantentzearen kostua 850.000 eurokoa izango dela aurreikusten du Udalak, horietatik 100.000 euro defizitarioak izango direlarik.

Tarifa merkeagoak

Tarifei dagokienean, linea guztiak merkeagoak izango dira: MUGI txartelarekin ordainduta, bidaia arrunta 0,96 euroko prezioa izatetik 0,70 eurokoa izatera pasako da. 

Errepikatzen duten bidaiariak kontutan hartu gabe, urtero 180.000 bidaiari jasotzen ditu Arrasateko urbanoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak