"Kalitatezko zaintza sistema publikoa" exijitu dute zaintza arloko langileek ELAk deitutako greba egunean

Jone Olabarria 2020ko aza. 17a, 13:39

Zaintza publikoa bizitzarako lelopean, greba deitu zuen gaurko ELA sindikatuak zaintza sektoreko langileen artean. Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan egin dituzte mobilizazioak eta Arrasateko kasuan herriko plazan egin dute elkarretaratzea 11:30ean.

Segurtasun neurriak mantenduz, laurogei lagun inguru batu dira bertan, nahiz eta ELAtik aitortu duten, gaurko greba egunerako Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoek zenbait langileren grebarako eskubidea urratzen dutela. Deba Urola bailaretako arduraduna den Amagoia Lasagabasterrek adierazi duenez, "beste behin gobernuek greba eskubidea zapuztu dute": "Sektore guzti hauetan ia %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte. Gaur zentroren batean ohiko egunen batean baino langile gehiago egon daitezke, greba eguna izanda ere".

"Egoera prekarioa"

Zaintza sektoreak barnebiltzen dituen arlo ezberdinetako langileek bizi duten "egoera prekarioa" salatu eta ikusarazi nahi izan dute, horretarako hainbat langilek euren testigantzen berri emanda. Maite Arizaga Arrasate eta Aretxabaletako etxez etxeko zaintza zerbitzuko langilea da: "Lan prekarioa da, ez da ia lan finkorik eta baldintzak ez dira bat ere onak...Zortzi urte daramatzagu hitzarmena negoziatu gabe eta eskatzen duguna lan hau publikoa izatea da".

Langileei aitortza

Gaurko eguna zaintza lanetan diharduten emakume eta langile guztiei aitortza egiteko ere baliatu nahi izan dute. Aldarrien artean, "zaintza sistema publiko, kalitatezko eta unibertsal" baten beharra azpimarratu dute. "Gure aldarrikapenak lan baldintzak hobetzea, ratioak handitzea, egutegiak hobetzea, pribatizatutakoa publiko bihurtzeko eta guztiondako zaintza kalitatea hobetzea", azaldu Lasagabasterrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak