Zaintzaren esparruko langileei grebarako deia egin die ELAk

Maider Arregi 2020ko aza. 12a, 13:08

Egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten langileak deitu ditu grebara ELAk goizeko prentsaurrekoan. "Adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko langileak, adin txikikoak zaintzen dituztenak, aniztasun funtzionala dutenekin lan egiten dutenak... azaroaren 17an greba orokorrarekin bat egiteko dei egiten diegu zaintzaren esparruko langile guztiei".

Zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea aldarrikatu du ELAk. Era berean adierazi dute pandemiak agerian utzi dituela zaintzaren sistemak gaur egun bizi dituen gabeziak, baita Debagoienean ere. Hala, azaroaren 17an gerbarekin bat egiteko deia ez ezik, 11:30ean Arrasateko plazan elkarretaratzea egingo dute. "Argi dago pribatizazioaren eta negozioaren mesedetan eraikitako sistema dela, emakumeon bizkar gainean are eta gehiago jartzen duena zaintza lanaren ardura guztia. Gainera, diru publikoarekin finantzatzen da, langileak gero eta gehiago prekarizatuz. Dramatikoa da egoera zentzu guztietan: langileak oso nekatuta daude, adinekoen egoitzetan egoiliar eta langile pila bat kutsatu dira eta egoeraren zama guztia langileek eraman dute. Foru Aldundiak inprobisatu egin du, ez ditu beharrezko neurriak hartu egoera hau mozteko. Kutsatzeak izan ez dituzten egoitzak ere egoera larrian daude. Langileen bajak ez dira betetzen, pertsonal falta ikaragarria daukate, eta erizain eta medikuak falta dira. Arriskuan jartzen dute euren osasuna eta baita egoiliarrena ere eta honen guztiaren arduradun zuzenak instituzioak dira. Baina interes ekonomikoak lehenesten dituzte pertsonen gainetik".

Etxez etxeko langileen lan-hitzarmena

Aretxabaleta eta Eskoriatzako etxez etxeko langileak  hiru urte daramatzatela lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan ohartarazi du ELAk. "Oraindik ere enpresak ez die erantzunik eman. Herritarrentzat hain beharrezkoa den zerbitzu baten, horrelako eredua nahi al dugu? Hau da benetan gizarte honek merezi duen eredua eta hainbeste defendatzen duzuena? Ezin ditugu ahaztu etxeko langileak ere. Emakume hauen egoera esklabotzaren adibiderik gordinena da. Ez zaie greba eskubidea aitortzen, ez zaizkie euren eskubideak bermatzen". 

Grebaren aldarrikapenak

Adinekoen egoitzetako senideak ere mobilizatzen hasiak direla esan du ELAk: "Euskal Herriko pentsionistak ere gaia kalera atera dute eta baita Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak eta talde feministek ere. Greba honekin sektore hau bizitzen ari den drama kalera atera nahi dugu, aldarrikapen konkretu batzuk eskatuz:

1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen izaera publikoa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zaharren egoitzak, etxebizitza komunitarioak...)

2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean behintzat pandemiaren kalte larriak arintzeko".

Adostasunik ez LABekin

LAB sindikatuarekin greba eguna antolatzeko hainbat bilera eta esfortzu egin dituztela aitortu dute; baina "ezin izan gara zoritxarrez, adostasun batera iritsi grebaren eremu geografikoa definitzerakoan" diote. "ELAtik argi utzi nahi dugu aliantzak ezinbestekoak direla gizartea eraldatzeko eta bide batez LAB sindikatuari deitu nahi diogu grebara atxikitzera, indarrak batuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak