Udalatxera eta Kurtzetxikira igotzeko deia urriaren 3rako, euskal presoen alde

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 22a, 19:44

Arrasateko Sarek prentsa agerraldia egin du gaur, irailak 22, urriaren 3an Euskal Herri osoan egingo den mendi tontorretarako martxara herritarrak gonbidatzeko. Euskal presoen aldeko Izan bidea ekimenaren baitan egin dute deialdia Eneko Arrese eta Olatz Igartua mendizale arrasatearrek, eta Arrasateren kasuan Udalatx eta Kurtzetxiki igoko dituzte: "Egoera tamalgarri honekin amaitu behar dugu eta horretarako guztiok gara ezinbestekoak".

Udaberrian eman zion hasiera Sarek Izan bidea ekimenari eta gogora ekarri behar da dinamika honen erronka Euskal Herriak dituen adina biztanle kilometro egitea dela, hau da, 3.127.326 kilometro egitea. "Geroztik ekintza ugari egin dira Euskal Herri osoan eta Arrasaten ere hainbat antolatu dira: Kurtzetxikin aurkezpena egin zen bideo baten bidez eta Arrasateri bira ere antolatu zen aurrerago".

Udalatx eta Kurtzetxiki, eta tontorrean argazkia

Urrian 3rako Arrasaten bi mendi igoera antolatu dituzte, Udalatxera eta Kurtxetxikira. Udalatxera igotzeko Aita Menni ospitalean elkartuko dira 09:00etan bertatik abiatuko dira Udalara. Udalatik 10:30ean abiatuko dira Udalatx aldera eta argazkia aterako dute tontorrean. Kurtxetxikira igotzeko Biteri plazatik abiatuko dira 10:30ean eta kasu horretan ere argazkia aterako dute tontorrean.

Mendizaleak eta korrikalariak

Korrikalariak eta mendizaleek aurkeztu dituzte urriaren 3rako ekintzak: "Mendian edo korrika sentitzen dugun askatasuna maite dugu eta zaila egiten zaigu irudikatzea nola egon daitekeen hainbeste urte espetxean eta hain egoera gogorretan.  ETAk indarkeria utzi zuenetik hamar urte igaro direnean, espetxeetan COVID-19a eta konfinamenduak egoera okertzea ekarri du, ziurgabetasuna muturrera eraman du preso zein senideentzat, milaka kilometro egin behar dituzte euren senideak ikusiko dituzten jakin gabe. Egoera tamalgarri honekin amaitu behar dugu eta horretarako guztiok gara ezinbestekoak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak