Urriaren 3an, 'Izan bidea' dinamikaren barruan bailarako 29 tontor igotzeko deia egin dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko ira. 16a, 11:15

Euskal Herri mailan egingo den ekimena izango da; asmoa da egun berean Euskal Herriko 650 tontor igotzea eta guztietara Sareren aldarria eramatea. Debagoienari dagokionez 29 tontorretara eraman nahi dute presoen aldeko aldarria.

Sarek, Izan bidea ekimenaren barruan, "inoizko erronka handiena" antolatu du. Euskal Herriko 650 tontor igo nahi dituzte egun berean, urriaren 3an, eta guztietara presoen aldeko aldarria eraman. "Urratsak emateko prest gaude, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko", azaldu dute ohar bidez.

"Elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi duten guzti horiei, urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guzti horiei, urriaren 3an gurekin batzera dei egiten diegu", gaineratu dute.

Bailarako 29 tontor

Bailarari dagokionez, urriaren 3an igotzeko 29 tontor aukeratu dituzte. Herriz herri, ondokoak dira mendi tontorrak:

  • Oñati, sei mendi tontor: Aloña, Andarto, Arranoaitz, Ahumategi, Artzanburu eta Orkatzategi.
  • Arrasate, hiru mendi tontor: Udalatx, Kurtzetxiki eta Tellamendi.
  • Antzuola, bi mendi: Trekutz eta Arrola.
  • Elgeta, bi tontor: Azkonabieta eta Egoarbitza.
  • Aretxabaleta, bost mendi: Aranguren, Arlutz, Erlaitz, Elorreta eta Murugain.
  • Eskoriatza- Leintz Gatzaga, bi tontor: Atxorrotz eta Mugarriluze.
  • Bergara, guztira bederatzi tontor. Angiozarretik: Irutontorreta, Asentzio eta Intxorta; Osintxutik: Kurutzebakar, Irukurutzeta eta Krabelinaitz; eta, plazatik: Landarraitz, Klabelinaitz eta Elosumendi.

Irteera orduak: herri bakoitzak berea izango du

Irteera orduak ez dira guztiak berdinak izango; herri bakoitza bere antolaketa egitean ari da. Hala ere, saiatuko dira tontor guztietan eguerdi partean argazkiak ateratzen.

Aldez aurretik izena emateko aukera egongo da, ohiko tokietan edo herri bakoitzeko Sarekin harremanetan jarrita. Maila nazionalean ere izena emateko aplikazio berezi bat martxan jarri nahi dute: sare.eus orrian.

Maiatzean hasi zuten ekimena

Maiatzean aurkeztu zuten Izan bidea ekimena. Ordutik, ia 438.000 kilometro egin dituzte izena eman duten ia 3.600 pertsonen artean. "Egunero-egunero gero eta gehiago gara Ibiltarien Sare honen parte egin garen herritarrak eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzanak", azaldu dute.

Dinamika honek euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde egiten du, eta "elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen". Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartu nahi dute, presoen auziari behin betiko aterabidea emateko.

Hitzetik ekintzetara pasatzeko garaia dela diote

Hitzetik ekintzetara pasatzeko garaia dela diote. Preso eta iheslariek bizi duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxeratzeko prozesua martxan jartzeko adostasuna badagoela uste dute; bai euskal jendartearen eta instituzioen aldetik, eta baita Madrileko Gobernuan dauden alderdien aldetik ere. "Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu, Igorrekin gertatu berri den bezala. Nahikoa da. Konponbide garaia da", aldarrikatu dute ohar bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak