COVID-19aren eraginez nahi baino gehiago berandutu arren, Arrasatek prest du 2020ko Euskaraldirako hamabostekoa. Aurtengo edizioan, norbanakoez gain, entitateak izango dira jomuga nagusi, eta herriko hamabost eragilek sinadura egin dute euren esparruetan euskaraz aritzeko erraztasunak emateko. "Arrasaten abendutik gabiltza Euskaraldi berrira begira lanean. Aurten entitateek hartuko duten garrantzia dela eta, lehenbailehen hasi ginen eurekin harremanetan, euskaraz lasai aritzeko Ariguneak euren etxean ezarri ditzaten. Gaur aurkeztu ditugu lehen hamabost erakundeak, baina askoz gehiago batu daitezen ari gara lanean" adierazi du Arrasateko Euskaraldiko koordintzaile Jokin Etxebarriak.
Kulturaten egindako aurkezpen ekitaldian irudikatu dute konpromiso hartzea. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztu du ekitaldia, eta entitateetako ordezkariak banan-banan joan dira dokumentu bateratua sinatzen. Hauek dira gaurko hamabostekoa osatu dutenak:
- Arrasateko Udala
- Ibai-arte
- Mondragon Taldea
- SUDC
- Ttak! taldea
- AZK
- JMA
- Txikitxu-Arrostaitz
- Lore Gazteak
- Besaide Mendizale Elkartea
- Mondra Futbol Taldea
- Arrasate Rugby Taldea
- Ardatz Akademia
- Abian Fisioterapia Zentrua
- Arrasate Musikal
Gaurko ekitaldian, ordea, duela 30 urte Arrasateko erakundeek emandako urrats aitzindaria ekarri nahi izan dute gogora. Erakundeen arteko komunikazioak euskaraz egite aldera, herriko 38 eragilek Euskararen hitzarmena bezala ezagutu den dokumentua sinatu zuten –ostean 150 baino gehiago izatera heldu ziren–, aurrez Euskal Herri mailan beste inork egin ez bezala. Azpimarratzekoa, orduan dokumentua sinatu zuten askok gaur ere errepikatu egin dutela, herrian euskararekiko konpromisoa ahuldu ez den seinale. Horien artean daude, besteak beste, AED, Udala, JMA, Besaide Mendizale Elkartea, Mondra eta Arrasate Rugby Taldea.