Gaur, martxoak 28, hiru hamarkada beteko dira Arrasateko Euskararen hitzarmena sinatu zela. 80ko hamarkadan, Arrasaten lan mardula egin zen euskara normalizatzeko bidean. AED izan zen horren eragile nagusia, eta Udalaren hizkuntza politikak ere asko lagundu zuen bide malkartsu horretako aldapa arintzen. Horren erakusgarri da, adibidez, udal langileen euskara jakintzan bost urteko epean izandako igoera: 1986an %34,85ekoa zen eta 1991n, aldiz, %56,10ekoa.
Hala, herriko enpresen eta eragileen artean euskararen erabileran sakontzeko urrats aitzindaria egin zuten 1990eko martxoaren 28an, Arrasateko Elkarte eta Erakundeen arteko hitzarmena, euskararen erabilpena indartzeko hitzarmena sinatuta. Herriko 38 entitate batu ziren, motu proprio, eta hamabi konpromiso hartu zituzten euskararen presentzia areagotzeko; lehena, eta nagusia, elkarren arteko harremanak, idatzizkoak zein ahozkoak, beti euskaraz egitea. Beste batzuk ere bazeuden; esaterako, entitate horietako zuzendaritza eta ordezkapen organoetako kideek euskaraz lan egin ahal izateko gaitasuna edukitzea, entitate horien dokumentazio ofiziala –aktak, notari-arazoak, irizpen juridikoak– oso-osorik euskaraz izatea eta dokumentu horiek euskaratzearen kostua Udalak ordaintzeko konpromisoa.
38tik, 175 ingurura
Lehen kolpean, herriko 38 eragile batu ziren: hamabi ikastetxe, lau erakunde publiko, bost enpresa, hiru aurrezki kutxa, sei talde politiko, hiru kultur elkarte, hiru kirol elkarte eta bestelako bi erakunde. Baina akordioa irekita zegoen eragile gehiago batzeko, eta urte bereko abendurako, jada, beste 41 erakunde batu ziren akordiora. "Urtez urte eragile gehiago batzen joan ziren eta 175 kide izatera heldu ziren une batez", azaldu du Udaleko Euskara teknikari Aintzane Lasak.
Hiru hitzarmen-aldi
Hitzarmenak hiru fase ezberdin izan ditu: lehen hitzarmen-aldia, 1990-1993; bigarrena, 1993-1996; eta hirugarrena, 1998tik aurrera. Bigarren aldian, dokumentu ofizialak euskaratzeko arloan egin zuten ahalegin handiena –aktak, memoriak, albaranak...–; lehen hitzarmenak konpromiso hori hartzen zuen barne, baina horretan sakontzeko beharra ikusi zuten. Hirugarren aldian, normalizazio plan pertsonalizatuak egiten hasi ziren. "Sinatzaileen artean aldea zegoen euskalgintzarekin zuzenki lotutako erakundeen eta bestelakoen artean. Horregatik, banan-banan normalizazio plan pertsonalizatuak egiten hasi ginen: aholkularitza, itzulpengintza edota errotuluak eta webgunean euskaratzeko laguntzak emanez".
Betetze maila: %93a
Lehen unetik, hitzarmena betetzeko kontrol-lana egin dute, batez ere, Udalera heltzen ziren dokumentuetan euskararen presentzia neurtuta; lehen urteetan, %83-90 artekoa zen betetze-maila; gaur egun, aldiz,%93koa da.
"Denontzako eredu"
Sinaduraren biharamunean, 1990eko martxoaren 29an, Egin egunkariak azalera ekarri zuen Arrasateko hitzarmena, eta bertako erredaktoreburu Jon Basterrak zera idatzi zuen, editorial gisa:
"Arrasaten gertatzen ari dena arretaz segitu behar da. Ez dira konformatu hitz hutsekin, eta praktikara pasatu dira. Normalkuntzarako eta euskararen iraupenerako bideak Arrasatetik pasatzen dira. Atzokoak, Arrasaterako garrantzi historikoa badu, Arrasatetik kanpo, denontzako eredu".