Naturguneen onurak "inoiz baino ozenago" aldarrikatzeko, 'Naturan Jolasean' jaialdi berezia

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 21a, 16:25

Egoera berriko baldintzetara egokituta, maiatzaren 20tik 25era herriko naturguneak aprobetxatzeko deia egin dute Txatxilipurdik, Leintz Eskola Kirolak, Besaide Mendizale Elkarteak eta Gaztetxeko Haur eta Gurasoen Asanbladak. Haur eta gurasoak gertu dauden naturguneetara joatera animatu dituzte, prebentzio neurriak betez  jolas libreaz gozatzera.

"Gaur inoiz baino ozenago, espazioa hauen balio zein zaintzaren aldeko aldarria zabaldu nahi dugu. Egitasmo hau osatzen dugun lau eragileok, natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina dela deritzogu eta hezkuntza komunitatean ere gero eta gehiago dira, ildo honen aldeko apustua egiten ari diren adituak".

Naturan aritzeak onura hauek dakartzala azpimarratu dute:

  • Funtsezkoa da zentzumenen eta adimenaren garapenerako.
  • Estimulu zein ikasketa iturri agortezina da.
  • Lasaigarria eta arreta-piztailea da.
  • Garapen sozial eta afektiboa sustatzen du.
  • Fantasiaren, irudimenaren eta jolas librearen elikagai da.
  • Garapen osasuntsua erraztu eta errespetatzen du.
  • Biofobia fenomenoari (naturari beldurra) aurre egiten laguntzen du.

Aurtengo testuinguru berezian, bost eguneko deialdia egin dute, egitarau eta ordutegi zehatzik gabe. Prebentzio neurriak betez jolas librean aritzea proposatu dute, eta gomendio hauek eman dituzte horretarako: Natur gunea aukeratzerako orduan, herriko mugen baitan dagoen bat lehenestea, adin tarte bakoitzari dagozkion ordutegiak errespetatzea, gainontzeko pertsonekin kontaktua saihestea –bi metrotako tarteak zainduz– eta natur guneekin atseginak izatea.

Jolasak aukeratzeko bideo bat egin dute, naturan egin daitezkeen jolasen adibideak jarriz: lokatz bolak egin, ondarrarekin jolastu, margotu, muralak egin, eskalatu, ura ukitu, txalupak egin uretara botatzeko, zuhaitzak besarkatu, animaliak topatu,  ... besteak beste. 

"Horretan zaudetela, argazkiak atera eta ondorengo helbidera bidaltzea naturanjolasean@gmail.com proposatzen dizuegu aurtengo honetan. Behin epea amaitzean, argazki guztiak batu eta hauekin guztiekin bideo bilduma polit bat osatuko dugu" azaldu dute antolatzaileek.

Naturguneak aukeratzen laguntzeko, hona proposatu dituzten batzuk: Etxezarreta, Hidalgobaso, Kurtzetxiki, San Balerio, Antoniña, Monterron, eta Santa Barbara. Horiez gain, Udalak osatutako natur bideen sarea ere proposatu dute.

"Animatu zuen abentura, bihurrikeri zein altxorrak gurekin partekatzera. Eta ez izan zalantzarik, naturak beso zabalik hartuko gaitu beste behin".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak