Musakolako jai batzordeak lanerako duen prestutasuna nabarmendu du, besteak beste, komisiñuak. Hori bai, izan dute egungo Udal Gobernuarekiko kritika bat ere: "Kolore ezberdinetako eragileekin aritu ostean, auzoko batzorde ireki bat izanda, jaiez gain sagardotegiko irteerak, karrerak, bertso afariak edo Astokilo eguna bezalako ekintzak antolatzen, eta batez be, auzoa alaitzen horrenbeste urte egin ondoren, 2019ko San Isidroetan eman duzue bukatutzat zuen jarduna, Udalarekin izandako desadostasunak tarteko. Ez da berria, jai herrikoiak antolatzen ari garenondako, herrigintza ulertzeko oso modu ezberdinak ditugula argi geratzen da beste behin, eta halako baldintzetan, ez da batere samurra herritik eta herriarendako lanean jarraitzea".
Apraiz: "Lanean jarraitzeko borondatea badugu"
Musakolako jai batzordeko kide nekaezina izan den Jesus Mari Apraizek lanean jarraitzeko borondatea agertu du GOIENAko kameren aurrean. Hori bai, dioenez, Udal Gobernuaren jarrera aldatzen bada: "Murrizketak gero eta handiagoak izan dira urtez urte eta esan diogu Udalari horrela ezin dugula jarraitu. Eskaera batzuk egin ditugu eta haien erantzunaren zain gaude; gu prest gaude jarraitzeko, baina ezin gara dirua galtzen ibili. Espero dugu egoera aldatuko dela; gure aldetik, behintzat, borondate osoa dugu".