Arrasateko herriko plazan egin du taldearen aurkezpena Arrasate Aurrera herri plataformak. Talde anitza dela esan du zerrendaburuak, Ramon Ugaldek: "Arrasate anitza da eta gu ere anitzak gara. Herriko auzo askotako jendea dago, baita baserri ingurukoa ere. Adin eta lanbide ezberdinetakoak".
Hilaren azken domekan egingo diren udal hauteskundeetarako zein helburu duten galdetuta, hauxe erantzun du Arrasate Aurrera herri plataformako alkategaiak: "Gure helburua da Arrasateko udal honen jarrera autoritarioari, arbitrarioari, traba egitea. Udalgintza, herrigintza, demokratikoagoa izate gura dugu. Herri duin bat udalarekin kolaboratuko duena eta ez udalaren menpe dagoen herri bat".
Beste alderdiek ez bezala bera buru den taldeak "obra publikoen gastuetan eta hirigintzan, esaterako, zentzu komun pixka bat emango dio. Aprendizes-en egin duten obra faraoniko horretan, adibidez, sei milioi euro gastatuko dituzte eta birekin egin zezaketen lasai asko".
Herritar askok beharrezkoa ikusten ei dute Arrasate Aurrera Ugalderen esanetan; "batzuei ez zaie gustatu, baina hemen gaude".
Maiatzaren 26ko hauteskundeetan lortuko dituzten emaitzen inguruan hauxe erantzun du Ugaldek: "Guk imajinatzen dugun Arrasaterekin jende asko identifikatuko da eta askok egingo dute bat gurekin. Lehia elektoralean sartuko gara eta ez dakigu zein emaitza lortuko dugun, baina herritarren interesak jarriko ditugu gauza guztien gainetik eta prest egongo gara edozeinekin berba egiteko"