2.629.349 euroko soberakina askotariko inbertsioak egiteko erabiliko du Udal Gobernuak

Xabi Gorostidi 2019ko api. 3a, 00:35

Gaurko osoko bilkura aurretik Udal Gobernuak 2018 Udal aurrekontuaren soberakina zein inbertsioetara bideratuko duen azaldu du. Horien artean, besteak beste: Araba etorbideko lanak –1.000.000 euro–, ahateen putzuko ur-parkearen exekuzioa –425.000 euro–, Kulturolaren exekuzioa –447.000 euro–, edo Garaia Parke Teknologikora sartzeko bidegurutzean biribilgunea egitea.

Bertan parte hartu dute Maria Ubarretxena alkateak, OZMA batzordeko buru Oscar Garciak eta Ogasun zinegotzi Ander Garayk. Gobernuko arduradunaren arabera hauek izan dira bi milioi eta erdiko soberakina eragiten duten faktoreak: foru fondoa –esperotakoa baino 840.000 euro gehiago jaso dituzte–, EIOZ zergan –eraikuntzen, instalazioen eta obren zerga– 140.000 euro gehiago batzea eta lizitazio prezio azpitik egindako esleipenak.

Soberakinaren kopuru handiena urte anitzeko inbertsioetara bideratuko dutela azaldu dute; hau da, finantzatzeko urte natural bat baino gehiago behar duten proiektuetara. Horien artean honakoak aipatu dituzte:

Araba Etorbidea: 1.000.000 euro

Proiektu honi bideratuko diote inbertsio ekonomiko handiena; 1.000.000 euro. 2019ko aurrekontuan 200.000 euroko partida zegoen lanen exekuzioarekin hasteko, eta doikuntza honekin lanen kostuaren %60 finantzatuta legokeela azaldu dute. Epeei dagokienez, lanak "uda aurretik esleitzea eta "uda ostean" hastea dela aurreikuspena azaldu du alkateak. 

Araba Etorbidea, gaur eguerdian.

Kulturola: 447.000 euro

Lanen exekuziorako partidan egingo dute bigarren inbertsio handiena. 447.000 euro gehitu dizkiote, eta era horretan lanen exekuzioaren %82a finantzatuta legoke.

Santa Barbarako ahateen putzua: 425.000 euro 

Proiektua laster da amaitzekoa, baina lanen kostuaren estimazioa 425.000 eurokoa dela esan dute. 2019ko aurrekontuan partidatxo bat zegoen proiektua idazteko, eta horri 425.000 euro txertatuko dizkiote, exekuzio lanen %100a finantzatuta utziz. 

Erguingo igogailua: 200.000

Auzoko mugikortasuna hobetzeko lau igogailuko sistema baten berri eman zuen Udal Gobernuak otsailaren 26an. 2019ko Udal aurrekontuan 100.000 euroko partida zegoen lehen bi igogailuen lanak exekutatzen hasteko, eta orain 200.000 euro gehiago bideratuko dituzte partida horretara. Tenpoei buruz galdetuta, urtea amaitu baino lehen lanak esleituta izatea da Gobernuaren aurreikuspena.

Garaia parkeko biderutzean biribilgunea egitea: 57.000 euro

Egun, Aramaiora doan bidetik parkera sartzeko bidegurutze bat dago, eta bertan biribilgune jarriko dute Udalaren, Garaia Parke Teknologikoaren eta Amenabar eraikuntza enpresaren artean. Azken honek, etxeak egingo ditu inguru horretan edifikatu gabe daukan partzela batean. Horrek "bidegurutzetik igarotzen den trafikoa fluxua handituko duenez", azaldu dute eraikuntza enpresak "begi onez" ikusi duela hori hiru aldeen artean ordaintzearen ideia. Hala, Garaia parkeak ordainduko zati bat –bidegurutzea dagoen eremuko zati handienaren jabea delako– Udalak 57.000 euro jarriko ditu –bidegutze eremuko zati txiki baten jabe delako– eta beste zati bat Amenabarren kontu. Biribilgunea egiten "uda partean" hasiko direla ere aurreratu dute.

Garaia Parke Teknologikora sartzeko bidegurutzea.

Amaia Antzokiko argiteria: 55.000 euro

Antzokia faseka birgaituko dute, eta, iaz, adibidez, segurtasun irteerak hornitu zituzten. 2019an aldiz, argiteria berrituko dute, eta ostean ondorengo atalak berrizktuko dituzte faseka: tramoia, kontxa akustikoa eta kamerinoak. 

Musika Etxearen ekipamendurako: 30.000 euro

Juan Arzamendiko lanak martxan daude, eta eraikin berri horren ekipamendurako –altzairuak, eta bestelako materialak– 30.000 euro bideratuko dituzte. Ogasun zinegotzi Ander Garayk azaldu du eraikinaren birgaitzea ez dela "2019an amaituko" eta partida horrekin ekipamendu gastuen %30 estaliko dutela.  

Partida teknikoak

Urte anitzeko proiektuez gain, ondoren partida teknikoak ere hornituko dituzte 2018 Udal aurrekontu likidatu ostean geratu den soberakinekin. 

Kirol arloan adibidez, 15.000 euro gehiago jarriko dituzte padel pistak txukuntzeko. 2019ko Udal aurrekontan 150.000 euro zeuden kirol inbertsioetarako, baina %10 handituko dute: padel pistetako belar artifiziala berritzeko, eta kantxen albo baten euriaren aurkako itxitura jartzeko –teniseko pistetan bezala–. Horrez gain, 6.000 euro ere gehituko dituzte kirol sarietarako, eta Kirol Kalera ekimerako. 

Irudian ikusten den Beverly taberna kanpoaldetik MRWren egoitza ingururaino espaloia berrituko dute.

Gipuzkoa etorbideko espaloiak berritzeko, 40.000 euro gehiago jarriko dituzte. 2019ko aurrekontuan 100.000 zeuden, Kabia dagoen biribilgunetik Kutxa amaitzen den tartera arte espaloia berritzeko. Baina lizitazio hutsik geratu da. OZMA batzordeko buru den Oscar Garciak azaldu du "enpresentzat ez zela erakargarria hain zati txikia egitea". Lanen hurrengo fasea Kutxatik MRWrainoko zatia izan behar zenez, 40.000 euro gehiago jarri dituzte bi zatiak batera lizitatzeko. Iraila inguruan esleitzea eta urtea amaitu aurretik lanekin hastea da Gobernuaren aurreikuspena. 

Irudia: Gernika ibilbidean lurra hondoratuta.

Gernika ibilbidean –Emakume Txokotik Aldai ingurura doan bidean– 50.000 euroko partida bideratuko dute galtzada berritzeko. Zati batzuetan lurra hondoratuta dago, eta putzuak sortzen dira.

Makatzenako igogailuarako, ordea, 17.000 euroko partida bideratuko dute horma irudi bat egiteko. Beheren dagoen igogailuaren alboan pareta gris bat dago, eta bertan egingo lukete murala. Orain arteko gehienak bezala, Muralart taldeak egingo duen galdetuta, zera adierazi du Oscar Garciak: "Lehiaketa bidez izan daiteke, baina nola egin dezakegun azterten ari gara".

Eskaileren eta lehen igogailuaren artean dagoen paretan murala egin nahi dute.

Azkenik Garagartzako ur-saneamenduan 100.000 euroko inbertsioa egin nahi dute, bertan dagoen fibrozementuzko ur-hodi bat ordezkatzeko. 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak