Gaur goizean aurkeztu dituzte Erguingo igogailu sistemaren nondik norakoak. Bertan izan dira Maria Ubarretxena alkatea, eta Hirigintza saileko buru den Juan Antonio Urdangarin ere, eta lau igogailuen kokapenak eta xehetasunak azaldu dituzte in situ.
Mugikortasun Planak hainbat igogailu egitea hartzen zuen baitan, eta horietako bat Erguin auzokoa zen. Horrez gain, 2018ko aurrekontu parte hartzaileetan proiektu botatuenen artean izan zen Erguingo igogailua, eta diru partida ezarri zen horren proiektua idazten hasteko. Asmatu ingeniaritza enpresa dabil zeregin horretan eta martxoan amaituko dute. Hala ere, gaur egin dute horren aurkezpena, hauteskundea legearen eraginez martxoaren 5etik aurrera ezin baitira proiektu berriak aurkeztu.
"Adindun jende asko bizi den auzoa da Erguin, eta proiektu honen bitartez biztanle horien mugikortasuna nabarmen hobetuko da. Ez bakarrik adindunena; haurren karroekin gora eta behera dabiltzanena eta orokorrean auzotar guztiena hobetuko du" azaldu Maria Ubarretxena alkateak.
Lau igogailu
Auzoaren hedapena eta konplexutasuna kontuan izanda, lau igogailu dituen sistema diseinatu du Asmatu enpresak, Uribarri kaletik Anboto kaleraino bidea eskailerarik igo gabe egitea ahalbidetuko duena. Gaur egun bide hori egiteko 166 eskailera igo behar dira, beraz, mugikortasuna eta irisgarritasuna dezente hobetuko da behin proiektu osoa gauzatzen denean.
Lauko sistema honek inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izateko helburua duela azaldu du alkateak. "Bi igogailu erraldoi ere egin zitezkeen, geldileku eta pasarela ugarirekin, baina inpaktua oso handia izango litzateke".
Lehenak Uribarri eta Uriburu kaleak lotuko ditu, eta tarteko geldialdi bat izango du Emun kooperatibaren maila berean. Pasarela bat ere izango du, bigarren igogailuarekin lotuko duena.
Bigarrena, aldiz, Uriburutik Erguin kalera joango da, eta tartean bi geldileku edukiko ditu, eskaileratan zehar dauden atarteetara sartu ahal izateko. Uriburuko solairuan plaza txiki bat sortuko dute, eta bertan leihoak dituzten etxeek espazio libre gehiago izango dute parean.
Hirugarren igogailuak Erguin kaletik Udalpe kalera joateko balioko du, eta tarteko geldileku bat izango du Elizalde kalera joateko. Gaur egun Udalpe kalean dagoen plazatxoa, altxatu egingo litzateke, Udalpe kalearen maila berdinean jartzeko. Hala, bigarren igogailutik hirugarrenera joateko, Erguin kaleko errepidea zeharkatu besterik ez da egin beharko.
Laugarren igogailua, aldiz, Udalpe kalearen erdian joango da, eta Anboto kaleraino igotzeko balioko du. Gaur egungo eskailerak erditik moztuz gero, eskuin aldean joango litzateke igogailua, bertako etxebizitza blokeari itsatsita –ez baitago leihorik eraikinaren alde horretan–. Ezker aldean, ordea, eskailerak joango lirateke, igogailuek arazoak izanez gero, auzotarrek sarbidea izan dezaten. Gainontzeko igogailu guztiek ere izango dute eskailera alternatiboren bat inguruan.
Epeak eta aurrekontua
Esan bezala, martxoan amaituko du proiektua osotasunean Asmatu enpresak, eta Ubarretxena alkateak adierazi du maiatzeko Udal hauteskundeen aurretik aterako dutela lehen bi igogailuen lizitazioa. Bi hauek elkarrengandik hurbil daudela aprobetxatuz, lizitazio berean aterako dituztela azaldu du Juan Antonio Urdangarinek. Hauen aurrekontua 1.100.000 eta 1.200.000 euro artekoa –BEZ barne– izan daitekeela azaldu dute, baina zifra zehatzak behin Asmatuk proiektua amaitzean jakingo direla ere esan dute.