Bi milioi euro pasatxoko aurrekontuarekin, itxura berria hartuko du Araba Etorbideak 2021erako

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko ots. 19a, 17:05

Bidegorria integratu, espaloiak handitu, egun autobus geltokiak dauden inguruan plazatxo zabalago bat sortu eta kurba bat ere egingo zaio Araba Etorbideko zuzenguneari, autoek abiadura moteldu dezaten. Horixe jakinarazi dute gaur Arrasateko Udaletik. 2020 bukaerarako edo 2021 hasierarako bukatuta egongo dira Araba Etorbideko obrak.

Itxura guztiz aldatuko du Arrasateko Araba Etorbideak. Zonalde hori eraberritzeko proiektua aurreko agintaldian egin zen eta adostasuna du Udal ordezkarien artean. Orain martxan jarri dute; izan ere, bihar, eguaztena, argitaratu da buletinean obra zuzendaritzara aurkezteko epea, eta horretarako, 62.000 euro pasatxotako aurrekontua bideratuko dute Arrasateko Udaletik.

Asmoa da obrak apirila edo maiatza inguruan esleitzea, eta oporren bueltan edo urte bukaeran Araba Etorbideko obrak hastea. Hamar hilabeteko epea izango dute obrak egiteko, eta BEZ barne, bi milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du proiektuak.

Lanak

Egingo dutena da bidegorria integratu, espaloiak handitu, egun autobus geltokiak dauden inguruan plazatxo zabalago bat sortu eta kurba bat ere egingo zaio zuzenguneari, autoek abiadura moteldu dezaten.

Araba Etorbidearen ikuspegi orokor berria.

Uribesalgotik Maiatzaren 1a plazaraino egingo dira obrak eta bidegorria lehengo trenbide zaharrak zeharkatzen zuen bide horren ingurutik joango dela adierazi du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak: “Egia da agian jendeak ez dakiela, baina hemendik lehen trenbide zaharra zioan eta bidegorriak hartuko du leku hori. Eta aparkalekuei dagokienez desagertu egingo dira ikustera oso ohituta gauden espaloi gaineko auto ilara. Hor egingo dena da espaloia zabaldu, bidegorria integratu, baina gainera ematen du errepidearen zabaltasunak bi ilara, linean, aparkalekuak egiteko, bai alde batean, bai bestean, baina dagoeneko legearen barruan eta era egoki batean”.

Izan ere, garai batean, Araba Etorbidekoa errepide nagusia zen eta horregatik da zabala gaur egun bertako errepidea. Obretan baina, errepidea pixka bat estutuko dute autoek abiadura murriztu dezaten, baina gaur egungo aparkaleku kopuru antzerakoa geldituko dela azpimarratu du Arrasateko alkateak.

Obra espero dute bukatuta egotea 2020 bukaerarako edo 2021 hasierarako.

Etorkizunera begira

Dagoeneko etorkizunera begirako ikuspegi orokor bat egiten jarraitzen dutela ere gaineratu du alkateak. Egun idazten ari baitira Maiatzaren 1a plazatik Maalaraino joango den zatia, edo ekoboulebard hori. “Azkenean badakigu bidegorri sarea idatzita daukagula, baina zatika eta faseka eraikitzen joan behar gara eta guk horri jarraipen bat ematea nahi diogu”, adierazi du Ubarretxenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak