Kale garbiketa eraginkorragoa izateko, GPS bitartez kontrolatuko dituzte makina garbitzaileak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 21a, 14:26

Kale garbiketa kontratu berriko baliabideak aurkeztu dituzte Arrasateko plazan. 2018ko urte amaieran esleitu zitzaion zerbitzua Cespari; bada, kontratu berri honek ekarriko dituen berrikuntzak azaldu dituzte. Makineria berria izango dute, langile gehiago, eta garbiketa nola egiten den GPS bitartez kontrolatuko dute, besteak beste.

2018ko urte amaieran esleitu zitzaion kale garbiketa zerbitzua Cespari, lau urterako. Kontratuaren arabera, miloi bat eta bostehun mila bat euroko kostua izango du zerbitzuak, urteko.

Langile gehiago

Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako Zinegotzi Oscar Garciak azaldu kontratazio berriak egin dituztela zerbitzua hobetzeko; 13 langile berri daude, eta horietatik bost emakumeak dira. Ordutegian ere aldaketak egin dituzte: goiz eta arratsalde egingo dute lan kale garbitzaileek, astelehenetik domekara bitartean.

Makineria berria dute

Makinerian ere hainbat berrikuntza sartu dituzte: hiru makina garbitzaile berri dituzte, 9 haize-makina berri eta bi ibilgailu elektriko hidrogarbitzaile, besteak beste. Gainera, kainu-zuloak eta kaleko paperontziak identifikatuta egongo dira, eta makinek egiten duten lana ere GPS bitartez jasoko da. Garciak azaldu du asmoa ez dela garbitzaileak "kontrolatzea", baizik eta eskaintzen den "zerbitzua eraginkorragoa" izatea.
 
Garciak nabarmendu gura izan du kontratu berri honekin auzoetako garbiketa zerbitzua hobetu egingo dela.

Atari digitala kexak eta iradokizunak dituztenendako

Herritarrek kexak edo iradokizunak bidaltzeko aukera izango dute internet bitartez; izan ere, Cespak atari digital bat kudeatuko du, eta Udaleko zerbitzu sailak kontaktu zuzena izango du atariaren kudeatzailearekin.

Cespa, 1976tik

Arrasateko kale garbiketa zerbitzua Cespak eskaintzen du 1976a geroztik. Ordura arte, kale garbitzaileak udaleko langileak ziren –zaborra ere jasotzen zuten orduan–. 1976tik gaur arte kale garbiketa zerbitzuko langilea da Rafael Lopez –erdian–; Jesus Perez eta Jose Sanchez urte batzuk geroago sartu ziren arren, langile beteranoak dira hirurak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak