Luze joan zen atzoko osoko bilkura Arrasaten, baina eztabaidak eztabaida, hainbat kontu onartu ziren. Lehenik eta behin, berriki hil den EH Bilduko udal zinegotzi Amaia Larrañaga oroitzeko hitza hartu zuen Eneko Barberenak, eta bere eserlekuan lora sorta bat jarri zuten. Interbentzio osoa irakurtzeko egin klik hemen.
Ostean, adierazpen instituzionala irakurri zuten, Iñaki Etxaberen eta German Agirreren erailketak bidegabeak izan zirela aitortuz. Osotasunean irakurtzeko egin klik hemen.
Kale garbiketa zerbitzu berria
Jarraian, hurrengo lau urteetan Arrasateko kale garbiketa CESPAk egitea onartu zuten, Udal Gobernuaren aldeko botoekin. PSE-EEko Oscar Garciak azaldu zuenez, esleipen berri honek hainbat onura ekarriko ditu. "Esleipen berri honetan langileei Gipuzkoako lan-hitzarmena aplikatuko zaie. Ondorioz, aste bitartean lan egiten duten langileek ez dute asteburuetan lan egingo, eta asteburuko zerbitzua emateko hamaika lanpostu berri sortuko dira. Makinaria berria ere edukiko dugu; eraginkorragoa eta jasangarriagoa. Eta makina berri horiekin gure kaleak garbiago ikusiko ditugu. Azkenik arratsaldeko zerbitzua ere izango dugu. Orain arte 06:00etatik 14:00ak arteko zerbitzua izan dugu, eta orain 06:00etatik 20:00etara edukiko dugu. Aurrera pauso galanta izango da".
Udal Gobernuak alde botatu zuen, Baleike eta Irabazi abstenitu egin ziren, eta EH Bilduk aurka botatu zuen, esleipena lau urterako izaterakoan, hurrengo agintaldi osoa "baldintzatuko" duelako.
Ospitaleko putzuko etxebizitzak
Segidan, ospitale alboan Visesak egingo dituen etxebizitzen proiektuari argi berdea eman zion Udal Gobernuaren 11 aldeko botoek. [Udalak eta Visesak sinatutako akordioari buruzko albistea ikusteko egin klik hemen].
Bloke horretan aparkaleku solairu bakarra izatea onartu zuten atzokoan. EH Bilduk salatzen duenez, HAPOak “berez” bi solairu egitera behartzen du Visesa, baina honek pisu bakarra egitea eskatu dio Udalari, bigarrena egiteak 2.800.000 euroko kostua izango lukeelako.
Anuska Ezkurrak azaldu zuen pisu bakarra egiteko erabakia HAPOa errespetatuz hartu dutela, aplikazio eremu zabalago bat aintzat hartuz. HAPOak dio etxebizitza bakoitzeko aparkaleku bat egin behar dela. Aplikazio eremua Visesak egingo duen etxebizitza blokera mugatuta, eraikin berriak bi solairu eduki beharko lituzke. Baina aplikazio esparrua Zerrajera eremuan aplikatuta, ez dago bi solairu egiteko beharrik, Txaeta kaleko 14, 16 eta 18 zenbakidun eraikinetan 100 aparkaleku daudelako hutsik.
Maria Ubarretxenak GOIENAko mikrofonoetan azaldu zuen, ontzat eta beharrezkotzat jotzen duela bertan aparkaleku gehiago egotea, baina hori egitearen kostua, ez dutela arrasatearrek soilik hartu behar. Gaiak lanketa behar duela ere esan zuen, baina hori egin bitartean etxebizitza proiektuari argi berdea emate erabaki dute, “posibilistak” izateko.
Oscar Garciaren salaketaren mozioa
Eguneko azken puntuan, Irabazi eta Baleikek berdintasun batzordeburuaren kargu uztea eskatu zuten, Oscar Garcia zinegotzi sozialistak salaketa bat jaso zuen ustez egindako eraso matxista bategatik. Bi alderdien ustez, kasu horretan eraso matxisten aurkako protokoloa ez zen beti bezala aplikatu, eta gaia mozio gisa ekarri zuten bilkurara.
Oscar Garciak gaitzetsi egin zuen artxibatuta dagoen salaketa bat erabiltzea bere irudia kaltetzeko, eta etekin politikoa ateratzeko. Bere interbentzioan esan zuen, kasua artxibatuta dagoela, eta bere bikote kide ohiak salaketa erretiratu ere egin duela.