Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eta Visesako zuzendari Carlos Quindós-ek azaldu dute gaur goizean lortu duten akordioa. Guztira 184 etxebizitza eta 199 garaje egingo dituzte ospitale ondoko putzua dagoen lurzoruan. Horietatik 114 2019ko udaberrian hasiko dituzte eraikitzen eta 2021erako bukatuko.
Garajeak pisu bakarrean egongo dira. "199 egingo dituzte. Inguruko etxebizitzetan beste 136 garaje daude libre, azken hamar urte hauetan saldu ez direnak, eta uste dugu 199 eginda eskaera beteko dela", adierazi du alkateak.
Quindós-ek alkatea eta bere taldea zoriondu du behin eta berriz Visesarekin akordioa lortzeko izan duten "borondate eta malgutasunagatik". "Egia da Jaurlaritzak eta Udalak, alde biak eman dugula amore puntu batean edo bestean, baina irtenbide bat behar zuen arazo honek eta horretan ahalegindu gara", adierazi du Ubarretxenak. Alkateak gehitu du Visesarekin akordioa lortzea erraza izan dela, "gehiago kosta zitzaigun Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin gauzak argitzea".
Alokairuko etxebizitzen kasuan, Arrasateko Udalak zehaztu ahal izango ditu kupoak. "Lanak hasten direnean inkesta edo galdetegi bat zabalduko dugu herrian jakiteko zein den herritarren egoera eta zer nolako etxebizitza gura duten. Arrasaten erroldatuta dauden egoera hartuko da kontuan etxebizitza horiek esleitzeko", azaldu du alkateak.
Bigarren fasea
Lehen fase honetan 114 etxebizitza egingo dira. "Salmentarako izango dira 63 -20 bi logela dituztenak eta 43 hiru logelakoak- eta beste 51 alokairurako -33 bi logelakoak eta 18 hirukoak-. Etxebizitza horiek hiru ataritan egingo dira", azaldu du Quintós-ek. Udalarenak izango diren bi lokal ere egongo dira.
Bigarren faserako geratuko dira beste 70 etxebizitza. Horiek baina, egoeraren eta beharraren arabera definituko eta egingo dituzte.