Sozialisten ordezkaritza zabalarekin eman diote azken agurra Paco Garciari

Txomin Madina Milikua 2019ko ots. 4a, 20:53

Iluntzean egin dute Arrasateko zinegotzi sozialista ohiaren omenezko hileta zibila Aldaiko parkean. Bertan izan dira, besteak beste, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, Patxi Lopez lehendakari ohia eta Gipuzkoako sozialisten buru Eneko Andueza.

Agur jendetsua eman diote gaur iluntzean Arrasateko Aldai Parkean egindako hileta zibilean 28 urtetan herriko zinegotzi sozialista izan zen Paco Garciari. Herritar ugari batu da bertan, baita PSE-EEko ordezkaritza zabala ere. Han izan dira, besteak beste, PSE-EEko idazkari orokor Idoia Mendia; Patxi Lopez lehendakari ohia; Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Andueza; PSE-EEren lehendakari ohi Jesus Egiguren; Eusko Jaurlaritzako sailburu Iñaki Arriola; Denis Itxaso foru diputatua; eta Espainiako gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Loza. Herriko hainbat alderdikide ere egon dira Garciaren agurrean, esaterako, harekin batera zinegotzi izandako Aritz Arrieta eta Miren Lorea Lana. Maria Ubarretxena alkatea jeltzalea eta Aintzane Ezenarro ere izan dira ekitaldian.

Bere esanetan Garcia alderdikidea izateaz gain laguna ere bazuen Jesus Egigurenek egin du berba ekitaldi hasieran, eta haren ibilbidea eta izaera izan ditu hizpide. Hildakoaren seme Oscar Garciak hartu du hitza ostean aita eta harekin bizitako zenbait pasarte gogoan izateko; eta Internazionala abestuz eman diote bukaera ekitaldiari.

Erlazionatuak

Paco Garcia sozialista hil da

Oihana Elorza Gorostiza 2019 ots 02 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak