Paco Garcia sozialista hil da

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ots. 2a, 13:38
Paco Garcia Arrasaten

Paco Garcia Raya sozialista arrasatearra hil da. 1987an hautatu zuten herritarrek zinegotzi izateko eta 28 urte egin zituen, 2015era arte. 2017ko urrian utzi zuen politika aktiboa, Arrasateko PSE-EE alderdiko idazkari nagusiaren kargua utziz. Haren omenezko ekitaldi zibila egingo dute astelehenean, Aldai parkean, 19:00etan.

1987tik 2015era alderdi sozialistako zinegotzi izan da Paco Garcia Arrasateko udalean. Batzar Nagusietan ere egon zen 2003tik 2009ra eta baita legebiltzarrean ere 2009tik 2012ra bitartean. 2017ko urriaren 29an utzi zuen politika aktiboa, Arrasateko PSE-EE alderdiko idazkari nagusiaren kargua utziz. "Euskadin bakea eta askatasuna lortutakoan utziko zuela politika zioen, eta bete egin zuen hitza", dio Gipuzkoako alderdi sozialistak.

Eneko Anduezak ere samina adierazi du Paco Garciaren heriotzagatik. "Bere lankide eta lagunek lagun on moduan gogoratuko dugu. Garcia Raya gizon zintzoa izan da, gogorra eta ausarta; sozialismoaren eredu. Duda barik, Arrasate eta Gipuzkoako familia sozialista umezurtz sentitzen gara; hutsune handia utzi du", diote Gipuzkoako sozialistek bidalitako oharrean.

30 urte politikako arduretan murgilduta pasa zituen Garciak, bere ibilbidea amaitutzat ematea erabaki zuenean. "Zinegotzi izan aurretik Alderdi Sozialistako kide nintzen, eta bizitza osoan politika usaindu izan dut nire familia eta lagun artean. Baina maila publiko horretara saltoa egiteko arrazoia Enrique Casasen heriotza izan zen. Era horretako gertakariak ez gertatzeko zerbait egin behar nuela sumatu nuen", adierazi zuen Paco Garciak GOIENAk egindako elkarrizketan, 2017ko azaroan. Urte horietan bizitako momentu latzenak eta gozoenak zeintzuk izan ziren galdetuta, hauxe erantzun zuen: "Zaila da latzena aukeratzea momentu txar horien guztien artean. Gertutasunagatik, Isaias Carrascoren eta Froilan Elexperen erailketak, baina beste guztiak ere oso lazgarriak izan dira. Eta momenturik gozoenak, nire ustez, Arrasateko herritarren ordezkari izatearekin lotuta daudenak. Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan aritutakoa naiz, baina gehien ase nauena, eta gehien irakatsi didana herri mailako politikagintza izan da".

Paco Garcia Raya 1953an jaio zen Montilla herrian (Cordoba). 65 urte zituela hil da. Haren omenezko ekitaldi zibila egingo dute astelehenean, otsailak 4, Aldai parkean 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak