30 urte politikako arduretan murgilduta pasa ostean, bere ibilbidea amaitutzat ematea erabaki du Paco Garciak.
Zerk bultzatu zintuen duela 30 urte politikaren munduan sartzera?
Zinegotzi izan aurretik Alderdi Sozialistako kide nintzen, eta bizitza osoan politika usaindu izan dut nire familia eta lagunartean. Baina maila publiko horretara saltoa egiteko arrazoia Enrique Casasen heriotza izan zen. Era horretako gertakariak ez gertatzeko zerbait egin behar nuela sumatu nuen.
Nola gogoratzen dituzu zinegotzi karguan hastapenak?
Garai horiek, akaso, ez ziren gogorrenak izan, baina zinegotzi sozialista gisa jazarpena hasieratik bizi izan nuen. Bazegoen bakea nahi zuen jendea, eta bakerik nahi ez zuena. Momentu gogorrak pasa ditut, baina harro nago botoa eman didaten herritarrak ordezkatu izanagatik.
Zure momenturik latzena eta gozoena 30 urte hauetan?
Bada, zaila da latzena aukeratzea momentu txar horien guztien artean. Gertutasunagatik, Isaias Carrascoren eta Froilan Elexperen erailketak, baina beste guztiak ere oso lazgarriak izan dira. Eta momenturik gozoenak, nire ustez, Arrasateko herritarren ordezkari izatearekin lotuta daudenak. Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan aritutakoa naiz, baina gehien ase nauena, eta gehien irakatsi didana herri mailako politikagintza izan da.
Zein izan da herri mailako politika hori egitetik atera duzun ikasgairik baliotsuena?
Gauza asko ikasten dira. Esate baterako, politikari izateko zintzotasuna behar dela. Eta beste ikasgai bat, politika ez dela esker onekoa politikariekin. Herritarren alde gauzak egin arren, esker oneko hitzak nahiko urriak izaten direla, alegia.
Aktualitate kontuei begiratuta, nola ikusten duzu Arrasaten PSE-EEk eta EAJk osatzen duten Gobernua?
Nire ustez, Arrasateren bakezale baten aldeko gauzak egin dituzte, Gobernua osatzeak dakartzan zailtasunak kontuan izanda. Askotan aipatu dudan pedagogia politikoa ahalbidetu dute, gaur egun oso garrantzitsua dena udalbatzako alderdi guztien artean adostasunetara heltzeko.
Zure azken kargua Arrasateko PSE-EEko idazkari orokorrarena izan da, eta zure seme Oscarrek hartuko du testigua. Zertan ezberdintzen zarete politikari gisa?
Gauza askotan. Hura ere oso gazte sartu zen Alderdi Sozialistan, eta esperientzia dauka Eskoriatzan egindako zinegotzi ibilbidearekin. Errealista da, pragmatikoa da, eta ni baino hobeto trebatuta dagoela uste dut. Eta bertute bat du: ez diola aitari kasurik egiten, bere irizpideari baizik.
Politika alde batera utzi arren, norbaitek aholkua eskatuz gero, zer?
Eskatuz gero, beti egongo naiz nire esperientzia eta iritzia partekatzeko prest, hori ziur.