Zuhaitz eta landare aukera zabala Baserritarren Azokarekin batera

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko urt. 19a, 16:20

Euskal Herriko txoko ezberdinetako zazpi zuhaitz eta landareen mintegi batu ziren, zapatuan, Seber Altube plazan. Goizean, gainera zuhaitzak landatu zituzten hainbat herritarrek Hidalgobason.

Zaldibarko Areitio eta Belar mintegiak, Arrasateko Ekoudalatx, Gatikako Etxebarria mintegia, Igorreko Artadi, Beintza-Labaiengo Zubialde Patxakak sagarrondo mintegia eta Zarauzko Lurberry fruitu txikien landare mintegia batu ziren Seber Altube plazan, euren eskaintza arrasatearrei erakusteko asmoarekin.

Jende asko batu zen mintegien inguruan, eta herritarrak zuhaixkak eta landareak erosteko aukera zabala izan zuten. Gainera, baserritarren eta artisauen ohiko azoka ere egon zen aldamenean.

Salmentei dagokionez, denetik izan zen. Nafarroako Zubialde Patxakak mintegiko Juan Gamiok azaldu duen moduan, "Arrasatera etorri garen lehenengo urtea da eta oso pozik gaude jendearen erantzunarekin". Hala ere, 4-5 urte Arrasatera etortzen daramaten Gatikako mintegiko arduradunek "beste urte batzuk indartsuagoak" izan direla azaldu diote GOIENAri.

Goizean, bestalde, Udalaren jabetzakoa den Hidalgobaso lursailean hainbat zuhaitz landatu zituzten hainbat herritarrek, Zuhaitz Egunean ohikoa den moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak