ALBISTEAK

Arrasate Aurrera! herritar hautagaitza osatu gura dute Udal hauteskundeetara begira

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 27a, 17:38

Ramon Ugalde buru duen Arrasate Aurrera! taldeak proiektu izatetik hautesle elkarte izatera pasatu gura du maiatzeko Udal hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko. Horretarako, babesa emango dioten 500 sinadura behar ditu.

Udal jardunarekin kritiko azaldu den taldetxo batekin agertu da Ugalde, eta Udalak egindakoetatik asko ez dituztela gogoko adierazi du: "Eta ez dugu ikusten orain arte Udalean ari diren alderdi politikoek ordezkatzen gaituztenik. Euren arteko liskarrekin ere ez gara identifikatzen". Eta gaineratu du ideologiarik ez dutela baina bai ideiak.

Udalak herritarren errespetua berreskuratu behar duela ere aipatu du: "Behin baino gehiagotan herritarrek Udalaren erabakiak onartu behar izaten dituzte, nahiz eta horiek injustuak edo arbitrarioak direla konturatu". Eta funtzionarioek gehiegizko protagonismoa eta agintea dutela Udalean gaineratu du: "Behin baino gehiagotan zinegotziek funtzionarioen esku uzten dituzte herritarrek eskatutakoak, ez dute ezer jakin nahi. Zinegotzi horiek ez gaituzte ordezkatzen". 

Proposamenak lantzen

Egoera horren aurrean erabaki duela Arrasate Aurrera! hautagaitzak Udal hauteskundeetara aurkeztea adierazi du Ugaldek, eta hiru arrazoi eman ditu: "Udalean jarduten duten alderdi politikoek ez gaituzte ordezkatzen. Udala beste modu batera funtzionatzen hasi behar dela uste dugu. Eta Arrasate hobetzeko ideia on mordoa dauzkagu".

Ildo horretatik proposamen asko dabiltzala lantzen adierazi dute, besteak beste, gardentasuna, berdintasuna, jarrera etikoa, tasak, hirigintza, mugikortasuna, partaidetza, auzolana eta herritarren defendatzailea. Eta gainerako herritarren ekarpenak jasotzeko ere gertu agertu da: "Denon artean programa koherentea egingo dugu datozen lau urtetarako".

Hainbat herritarren babesa

Babesa jaso duen herritar talde batekin agertu da Ramon Ugalde; hona hemen izenak: Bittori Blanco, Luis Delgado, Jose Heis, Paco Gil, Jesus Vicente Andres eta Miriam Abasolo. Hautagaitza osatzeko herritarren 500 sinadura behar dituzte, eta horiek jasotzeko bideak zabalduko dituztela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak