Noiztik ari zarete zerrenda osatzeko lanetan? Eta zer dela-eta erabaki zenuten pauso hori ematea?
Behar hori aspalditik ikusten genuen, baina zerrenda osatzeko ideia duela urtebete inguru hasi ginen garatzen. Historikoki, gobernuan egon dena egonda ere, Arrasateko Udalak egin dituen esku hartze askorekin ez gaude ados; Kataideko industrialdea egitea erabaki zenetik gaur egunera arte. Kataideko esku hartzea, adibidez, merkeago, jasangarriago eta txukunago egin zitekeen, eta hori egin zutenek jasangarritasunaren aldeko aldarriak egin izan dituzte, ostean.
Beraz, uler daiteke zuen hautagaitzak ihes egiten duela ideologia parametroetatik?
Ez dugu ideologia kontuetan sartu nahi, eta Arrasateko proiektuei buruz jardun nahi dugu, ezker edo eskuin joko horretan sartu gabe. Kasu honetan, politizazioa eta ideologizazioa izan da tresna bat Arrasateko Udala bera erakunde estatal bezala indartzeko. Adibidez, presoak Euskal Herrira ekartzearen alde egon naiteke, baina presoen alde botoa eskatzen didatenen udal politika ez bazait gustatzen, zergatik eman behar diot botoa?
Ideologiari ez, baina zeri ematen diozu zuek garrantzia?
Bada, hirigintzari, adibidez. Funtsean, herri mailako politika hirigintza arloan zentratzen da, eta, zentzu horretan, ez gaude batere gustura urte hauetan guztietan Arrasateko ezker abertzaleak edo jeltzaleek hartu dituzten erabakiekin. Jendeak uste du ezker abertzaleak gaizki egindakoak EAJk zuzenduko dituela, eta alderantziz. Baina, gobernu aldaketak egonda ere, agintaldiz agintaldi herri honetako hirigintzak kale egin duela ikusten dugu.
Jauntxokeria edo kazikismo handia dagoela ere badiozu...
Gure ustez, Arrasateko Udalean goi funtzionarioen diktadura bat dago, eta herriko politikariek ez dute haien hitza edo boterea zalantzan ere jartzen. Mussolinnik zioena betetzen da: Dena estatuarentzat, ezer ez estatutik kanpo, eta estatuak beti dauka arrazoia. Kasu honetan, berdina da, baina estatua hitzaren ordez, funtzionario hitza jarrita.
Hirigintza alorrean, zein esku hartze egingo zenituzkete?
Auzoetan, San Andresen, adibidez, Gudarien plazan lurpeko aparkaleku bat proposatuko genuke. Hala, egun autoak dauden plaza herritarren eskura jarriko genuke, zuhaitzekin, eta haurrentzako parke batekin. Horrez gain, auzo berean, lehen errebuelta zegoen tokian, udarako bainu gune bat ere proposatuko genuke, erreka baliatuz.
Azoka plazarako ere badituzue proposamenak, ezta?
Gaur egun dagoen tokian lurpeko aparkaleku bat egitea nahiko genuke, eta azoka bera, Erlojuaren Eraikineko arkupean kokatuko genuke. Jende asko igarotzen da bertatik ospitalera edo anbulatoriora joateko, eta horrek azoka indartu lezake.
Oinezkoentzako guneak irabaztearen aldekoak zarete?
Bai, baina neurriz eta ondo pentsatuz egin beharreko zerbait da. Auto erabiltzaileak ez dira kriminalak, eta ezin daiteke bat-batean dena oinezkoentzako jarri. Baina, gure ustez, adibidez, Monterrondik Amaia antzokiraino doan tarte hori oinezkoentzako izan beharko litzateke, bizitza soziala egiteko gune ederra baita.
Tarte horretan gaztetxea dago, eta horrentzako ere baduzu proposamenik, ezta?
Gure ustez, zentzugabekeria da gaztetxea dagoen tokian egotea, leku heze eta gorde horretan. Arratoiak daude bertan, eta itzelezko hezetasun arazoak dituzte. Hori dela eta, Erlojuaren Erakinera lekualdatzearen aldekoak gara. Erdigunean egoten jarraituko luke, eta leku egokiagoa dela uste dugu. Bertan hileta zibilak egiteko gune bat jar daitekeela uste dugu.
Eta zer egingo zenukete eraikin horretan euren egoitza aurreikusita duten kultur talde guztiekin?
Lokalen erabilera eraginkorra izateko aukerak aztertu beharko lirateke. Altuera handia dute bertako solairuek, eta, agian, solairu bat gehiago ateratzea izan daiteke konponbide bat.
Gelmako eraikinarekin egin denarekin ez zaudete ados?
Herrian daukagun eraikin ederrenetakoa da, eta etxez erabat inguratuta dago; itota. Zentzu horretan, ez dugu ulertzen, eraikin gisa, nola baloratu daitekeen hainbeste Aprendizes, eta ez, ordea, Gelma.
Gaia aldatuz, Udalarekin arazoak izan dituzten herritarren zerrenda bat egin nahi duzue, ezta?
Badakigu, urte hauetan guztietan, herritar askok izan dituztela arazoak Udalarekin, edo bertako sail batzuekin. Batez ere, baimen kontuekin lotuta. Azken 40 urteetan kaltetuak sentitu diren horien esperientziak batu nahiko genituzke, txosten bat egiteko. Berriki, frankismoaren biktima izan diren horiekin egin den antzerako zerbait. Ez gero prozesu judizial bat martxan jartzeko, ez baitugu justizia espainiarrarengan sinesten, baina, behintzat, jaso eta erregistratuta geratu dadila, osoko bilkuran horri buruz hausnartzeko. Udalaren pribilegiatuen zerrenda bat ere egin genezake, baina hobe da ez badugu egiten.
Zerga alorrean ere badauzkazue proposamenak...
Berriki ikusi dugu nola Mondragon Unibertsitateari zergak barkatu izan zaizkion. Eta herritarroi, ez? Zerga barkatzearen truke, zergatik ez diogu Mondragon Taldeari Laboral Kutxaren egoitza historikoa trukean eskatzen? Udal zerbitzuak eskaintzeko, adibidez. Horrez gain, Arrasateko Udalak Etxebizitzen Ikuskaritza Teknikoko dokumentazioagatik 160 euro inguru kobratzen ditu; Bergarakoak eta Oñatikoak, ezer ez. Zerga hori kendu, eta ordaindu dutenei dirua itzuliko genieke.