2008an hasi ziren Debagoienean txakolina ekoizten; gaur egun Getariako jatorrizko izendapena duten bost ekoizle daude, eta horietako bik bakarrik dute upategia. Arrasateko Otxia txakolina eta Oñatiko Upain eta Murgialdai etxetakoak dastatzeko aukera izan zen Eusko Labeleko hegaluzea pintxoekin batera.
Ekoizleek eskertzen dituzte horrelako ekitaldiak egitea, aitortzen dute-eta oraindik ere asko direla txakolina kostaldean bakarrik egiten dela uste dutenak. Izotzaren eraginez, iazko uzta ez zen ona izan eta gura baino botila gutxiago bete zituzten, hala ere, errez edateko txakolin freskoa eta txinparta naturalekoa eraman zuten azokara.
Urrian batuko dituzte aurtengo mahatsak eta oraingoz, iazkoa hobetuko dutelakoan daude.
Hileko hirugarren zapatua izanik, eskualdeko zein kanpotik ekarritako askotariko produktuekin betetako hamabost saltoki ere bazeuden: garaiko ortuko fruituak, –aurtengo lehenengo tomateak, horien artean–, kontserbak, haragia, gazta… Baina produktu bitxiak ere bai, adibidez, Azpeitiko Lasao auzoko Mallubi Etxeak, magnolia zuhaitzaren lorekin egindako likorea eskaini zuen.