Abenduko osoko bilkuran, Lurraldebusen ordutegi aldaketaren aurkako mozioa jarri zuten mahai gainean oposizioko hiru alderdiek, baina ez zuen aurrera egin. Horregatik sinadura bilketa jarri zuten martxan, herritarren iritzia kuantifikatzeko asmoz. Emaitza, 1.650 sinadura dira, eta egubakoitzean aurkeztuko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundian. Gainera, udaletxean ere aurkeztuko dituzte.
"Autobus erabiltzaileen haserrea nabaritu dugu, lanera joateko arazoak dituen jendea entzun dugu, aglomerazio argazkiak jaso ditugu edota egiaztatu dugu San Andres eta Musakolako geltokien garrantzia galera", azaldu dute prentsaurrekoan.
Gainera, EAJ eta PSE alderdiko kideei erronka luzatu diete oposizioko kideek. "Pasa dezatela denbora autobus geltokietan. Entzun ditzatela herritarrak pulpitutik predikatu ordez", aipatu dute. "Ikusten badugu ez direla kontuan hartzen herritarren eskaerak, jarraituko dugu murrizketak salatzen eta kalitatezko garraio publikoa sustatzen", gaineratu dute.