EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik sinadura bilketa jarri dute martxan, Lurraldebusek egindako ordutegi aldaketen aurka dauden herritarrak kuantifikatzeko.
Aurrez Oñatin eta Eskoriatzan ere egin dituzte antzerako bilketak, eta 1.500 eta 600 sinadura jaso, hurrenez hurren. Hala, urtarrilaren 31ra arte martxan jarri dute bilketa kanpaina, autobus geltokietan eta herriko beste gune batzuetan. Ez da beharrezkoa izango Arrasaten erroldatuta egotea, eta 16 urtetik gorakoa izatea izango da baldintza bakarra.
Irudia: Juan Luis Merino, Eva Abuin eta Piter Encinas sinadura bilketa iragartzeko asteartean egindako prentsaurrekoan.
"Kezkatuta gaude gure eskualdean Lurraldebus zerbitzuak izan duen murrizketarekin. DG10 linean autobusen maiztasuna %35 jaitsi da astegunetan eta %25 asteburuetan. Aurreko legealdian, 100 batzar egin eta 5.000 ekarpen jaso ostean, hogei minutuan behingo maiztasunak adostu ziren herritarrekin, eta ordutegi aldaketa honekin ezerezean geratu da aurreko prozesu parte hartzailea. Orain, maiztasunak, batez beste, 30 minutuan behingoak dira, eta ez zaigu justua iruditzen, batez ere, hirietako auzoetako maiztasunak 10 eta 15 minutu artekoak direnean", azaldu zuen Baleikeko Eva Abuinek.
Piter Encinasek adierazi zuen neurri horiek ez dituztela Arrasateko biztanleak bakarrik kaltetzen, baita Arrasatera datozen beste herri batzuetako erabiltzaileak ere. "Ospitalera edo ikastera datozenentzat kalteak, adibidez, nabariak dira. Institutuko irakasleen aldetik jakin dugu ikasleetako batzuk berandu edo arinegi heltzen direla, autobusen maiztasuna jaisteagatik", gaineratu zuen Juan Luis Merinok.
EAJren eta PSE-EEren jarrera
Udal Gobernuak auzi honetan izandako jarrera kritikatu zuten, abenduko osoko bilkuran oposizioak planteatutako mozioaren aurka botatu zutelako.
"Udal Gobernuak murrizketak ukatu zituen. Harrigarria da, bereziki, egun batzuk geroago, Bergaran, alderdi guztiek herritarren eskubideak defendatzea onartu zutelako gai honen inguruan, EAJ eta PSE-EE barne zeudela".
Maria Ubarretxenak esan du abenduaren 23an batzartu zirela Aldundiarekin arazoari konponbidea aurkitzeko. "Oñatin ere egin zuten sinadura bilketa, baina segituan Aldundiarekin bilerak egiten hasi ziren. Guk ere gauza bera egin dugu. Herritarren kexak heldu zaizkigu, eta horiek Foru Aldundiari helarazi dizkiogu, eurek dute-eta gai honi dagokion eskumena".