Txikitxokoa egitea izan da puntu gehien batu duen proposamena, aurrekontu parte-hartzaileetan

Mireia Bikuña 2018ko urt. 22a, 13:00

Bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gunea, Erguin auzoan igogailua ipintzeko proiektua idaztea, Iturripeko kantxa berritzea, Arrasate barrurako bidegorri sarearen proiektua idaztea eta Itxaropena jolaslekuan aterpe bat ipintzea izan dira herritarrek aukeratu dituzten beste bost proiektuak. Sei horiek egiteko, 306.000 euroko aurrekontua izango du Udalak.

Guztira 651 herritarrek eman dute botoa. Gehienek, Udalaren webgunean erabili dute euren botoa emateko, eta Udalak proposatutako 114 proiektuetatik, 110ek, gutxienez, boto bat jaso dute. Botoa eman duen herritar bakoitzak hiru proiektu aukeratu ditu: lehenari bost puntu eman dizkio, bigarrenari bi, eta hirugarrenari, bat. 

Hori horrela, hala geratu da puntu banaketa: txikitxokoa sortzeak 643 puntua, bizikletak garbitzeko guneak 552 puntu, Erguinerako igogailuak 468 puntu, Iturripeko kantxak 281, Arrasate barrurako bidegorriak 169 puntu eta jolasleku baterako aterpeak 139 puntu. Sei proiektuen aurrekontuak, Udalak zehaztutako 250.000 euroren gainetik dago. Guztira, 306.000 euro izango da. "Egin egingo ditugu. Sei proiektuak. Aurrekontuaren gainetik gaude, baina beste diru partida batzuekin estaliko dugu geratzen dena", esan du Maria Ubarretxena alkateak, bozketaren emaitzen aurkezpenean.

Bakoitzak bere bidea

Orain, proiektu bakoitzak bere bidea jarraituko du. Dagokion batzordeari bideratuko zaio, prozesuari hasiera emateko. Hori bai, guztiak egingo dituzte 2018an. 250.000 euroko kreditua ere proiektu guztien artean banatuko da: txikitxokorako 15.000 euro, bizikletak garbitzeko gunerako 6.000 euro, Erguingo igogailuaren proiektua idazteko 30.000, Iturripeko kantxa berritzeko 65.000 euro, herri barruko bidegorria idazteko proiekturako 40.000 euro eta Itxaropena jolaslekua estaltzeko 150.000 euro.

Balorazioa, herritarren parte hartzeaz

651 herritarrek eman dute botoa 2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan. Horren gaineko balorazioaz galdetuta, zera esan du alkateak: "Lehen aldia zen eta ez genekien zer nolako emaitza izango genuen. Parte-hartze handiagoa espero genuen. Horregatik, inkesta bat egingo dugu herritarren artean parte-hartze kopurua hori handiago zergatik izan ez den zehazteko. Herritarrak animatu gura ditugu halako prozesuetan parte hartzera". Inkesta nolakoa izango den aztertu eta baloratu beharko dute orain.

Proiektuak, banaka

  1. Txikitxokoa: 0-6 urte arteko umeendako gunea izango litzateke, Oñatin eta Bergaran duten halako guneen antzekoa. Jolasteko, edoskitzerako, hartu-emanetarako... lekua izango da. Begiralerik izango ez duena. Guraso batzorde bat eratuko da eta ostean lokala aukeratuko eta hornituko da. 
  2. Bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gunea: Udaltzaingoaren egoitzaren inguruan ipintzea aurreikusten da.
  3. Erguingo igogailua ipini aurreko proiektua: Mugikortasun Planak aurreikusten zuen igogailua egitea, Uribarri etorbidetik gora.
  4. Iturripeko kantxa aldatzea: Aurretik itoginak eta hezetasuna eta kondentsazioa orain. Horiek ebitatzeko berrituko da zorua. Lan horien egiteko Udalak bazituen 200.000 euro gordeta aurretik.
  5. Arrasate barruko bidegorriaren proiektua idaztea: Zati bateko proiektua idatziko da.
  6. Jolas leku baten estalpea ipintzea: Makatzenako jolasgunea estali ostean, Itxaropena guneari ipiniko diote estalpea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak