Lehen aurrekontu parte hartzaileetan 114 proposamen izango dira aukeran

Xabi Gorostidi 2017ko abe. 13a, 16:36

2018ko Udal aurrekontuan 250.000 euroko diru poltsa izango da herritarrek nahi dituzten proiektuetarako. Guztira 354 aukera jaso dituzte, eta bideragarriak diren edo ez aztertu ostean 241 aukera geratu dira. Asko errepikatu egiten zirenez, 114 aukerako zerrenda bat osatu dute, non hiru proiektu botatu beharko diren: lehena bost puntu, bigarrena bi, eta hirugarrena bat. Botatzeko azken eguna: abenduak 22.

Martxoko osoko bilkura egin baino ordu erdi lehenago EAJk, PSE-EEk eta Baleikek hiru aldeko akordio baten berri eman zuten, 2018 urteko aurrekontuak parte hartzaileagoak izateko.

Prozesua eraginkorra izateko EMUN kooperatibaren aholkularitza izan zuten. Elkarlan horretan prozesu parte hartzaile bat definitu zuten, eta uztaileko lehen bi asteetan herritarrek proposamenak helarazteko tartea izan zuten.

354 proposamen jasota

Ekainaren 28an aurkeztu zuten egitasmoa eta uztailaren 15era luzatu zen herritarren ekarpenak jasotzeko epea, guztira 354 proposamen batu zirelarik. "354 asko dira, batez ere beste herri batzuetan batutakoekin alderatuz gero. Beraz, arrasatearrak oso aktibo egon direla esan daiteke" adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. 

Udal teknikariek banan-banan aztertu dituzte 354 proposamenak bideragarriak diren edo ez aztertzeko, eta 241 proposameneko zerrenda bat osatu dute. Hainbat izan dira zerrenda horretatik kanpo geratzeko arrazoiak; legez kanpoko proposamenak izatea, jada egiteko dauden proiektuak izatea, aurrekontuekin zerikusirik ez izatea, Udalaren eskumena ez izatea, edo informazio falta.

Bideragarritzat jo diren 241 aukeretako asko errepikatu egiten ziren, beraz, 114 proiektuko zerrendaren baitan egin beharko dute bozketa arrasatearrek.

Prozesuan parte hartzeko beharrezkoa izango da Arrasaten erroldatuta izatea, eta 18 urtetik gora izatea. Parte hartzeko bi modu daude: udal webgunearen bitartez (egin klik hemen), edo BAZen bertan. Horretarako azken eguna abenduaren 22a izango da.

Hiru proiektu aukeratzeko

114k zerrenda horretatik hiru interesgarrienak aukeratu beharko dira; lehena bost punturekin, bigarrena bi punturekin eta hirugarrena puntu bakarrarekin. "Hainbeste aukeren artean bakarra aukeratuz gero, gure ustez prozesuak nortasuna galtzen du. Horregatik egin dugu hiru aukerako sistemaren alde" azaldu du Ubarretxenak.

Gainera, herritarren bilaketa prozesua errazagoa izan dadin hiru irizpideren arabera sailkatu dituzte proposamenak: gaika, auzoka eta kostuaren arabera.

Udal webgunetik parte hartuz gero, egindako lehen aukerak bost puntu jasoko ditu, bigarrenak bi eta hirugarrenak bakarra. Hala ere, posible da hautatutako aukera ezabatzea (kendu nire bozketatik botoiarekin), eta aukeraketa berria egitea.

Webgunetik parte hartzeko, hauek lirateke eman beharreko pausuak:

  • www.arrasate.eus webgunean sartu
  • Partaidetzazko aurrekontuak bannerrean klik egin
  • #3 Erabaki aukeran klik egin
  • Hiru proiektuak aukeratu
  • Datu pertsonalak bete

Bulegoa eta teknikari bat zalantzak argitzeko

Aukeraketa prozesuan sor daitezken zalantzak argitzeko, edo hizkuntza ulertzeko zailtasunekin laguntzeko bulego berezi bat egokitu dute BAZen bertan. Proposamenen tituluak bi hizkuntzatan irakur daitezke, baina hauen muina ez. Bertan herritar bakoitzak proposamena egiteko orduan erabilitako hizkuntza dago ikusgai, beraz, horrekin arazoak sortuz gero BAZen egongo den langilea laguntzeko prest egongo da. Ordutegia, honakoa: 09:30-12:30 eta 16:00-19:00.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak