Ongi etorri jendetsua Kepa Arkauzi

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 22a, 20:52

Arrasatearra bart irten zen kartzelatik bertan lau urte eman ostean, eta hainbat herritar gerturatu dira hari harrera egitera Seber Altube plazara.

19:30ean iritsi da Seber Altube plazara atzo gauean frantziar estatuko Meauxeko espetxea utzi zuen arrasatearra, eta ordurako ehunka herritar zeuzkan zain, txaloekin eta besarkadekin jaso dutenak.

Ongi etorri ekitaldian, besteak beste, Miren Amurizak bertsoak abestu dizkio, eta aurreskua ere dantzatu diote. Eusko Gudariak abestuz amaitu dute, eta ondoren Arbolapetara abiatu dira, Arkauzek herriko gainontzeko presoen argazkiekin batera bertan zegoen bere erretratua kendu zezan.

Arkauzek, hitza hartu duenean, eskerrak eman dizkie berari harrera egitera bertaratutako herritar guztiei. Era berean, zera adierazi du: "Ni borrokatzera eraman ninduten helburu horiek lortzeke daude oraindik. Horregatik, animatu nahi zaituztet gaur hemen erakutsi duzuen indar berarekin borrokan jarraitu dezagun bihartik aurrera ere".

Horrez gain, gaur egun espetxean jarraitzen duten Arrasateko sei presoak izan ditu gogoan, eta euren eta gainontzeko euskal presoen askatasuna eskatu du. "Gora Euskal Herria Askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Biba zuek!" oihukatuz bukatu du bere berbaldia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak