ALBISTEAK

1.000 lagun inguruk eman dute izena 'Zeuk iñ, zeuk jan' bazkarirako

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 21a, 16:52

Ekainaren 15ean zabaldu zen izena emateko prozesua udal webgunean, eta 90 minutuan agortu ziren hasiera batean jarritako ia 600 plazak. Hori ikusirik BAZen izena emateko aukera jarri zen, eta astelehenera arte egon da apuntatzeko tartea.

Urtetik urtera etengabean hazten ari den ekimena da Zeuk iñ, zeuk jan herri bazkaria. Lau urtez jarraian Portaloi inguruan egin zen, Maisu Arano eta Gartzia maisu-maistrak kaleen artean, baina lekua txiki geratzen zela ikusita iaz Azoka Plazan egin zen lehendabizikoz.

Ezbairik gabeko arrakasta

Herri bazkari berezi honen harrera ona neurtzeko adierazle garbiena, urtero jatun kopurua gorantza doala da, baina ez da bakarra. Izen emateak ere badira herritarrengan ilusioa berezia pizten duenaren erakusle garrantzitsu bat. Iaz, 731 lagunek eman zuten izena aldez aurretik, horietatik 222 erreserban zeudelarik [azkenean, denek izan zuten azoka plazan bazkaltzeko aukera]. Aurten, aldiz, ekainaren 15eko 08:00etan zabaldu zen izen ematea udal webgunean, eta 09:30etarako jada agortuta zeuden eskuragarri jarri ziren ia 600 lekuak.

Iaz izen ematea 700 lagundik gora egin zuten arren, kopuru baxuagoa batu zen bertan bazkaltzera. Gehiegizko izen emateen esperientzia ikusita, udal langileak lanean ari dira aurtengo kopurua ahalik eta gehien zehazteko. Kultura saileko langileak erreserba egin dutenei deika ari dira egunotan, zehazki zenbat lagun elkartuko diren jakiteko, eta horren arabera neurriak hartzeko.

Hainbat aukera

Kopuru finala 600-700 lagunen bueltan mugitzen bada, azoka eremua ahalik eta gehien baliatzea izango litzateke udal gobernutik baloratzen ari diren aukeretako bat.

Horrez gain, azokari itsatsita dauden Ferixalekuko etxeen azpiko espaloiak baliatzea da beste konponbide bat. Baina kopurua 1.000tik gertu badago, azoka inguruko kaleetan, edota Ferixalekuko aparkalekuaren zati bat erabiltzea baloratzen ari dira.  

Udaletik badabiltza mahai eta su gehigarriak alokatzeko enpresekin harremanetan, arrasatear guztiek bazkari herrikoia gozatzeko aukera izan dezaten. Behin birzenbatzea eginda, egubakoitzean beranduenez erabakiko da, zenbat mahai gehigarri eta non jarriko diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak