Oscar Garcia: "San Josepe eraberritzeko faserik garrantzitsuena egin dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko mar. 2a, 16:47

Arrasateko San Josepe auzoa berriro urbanizatzeko lanen artean, errepidea eta espaloiak zabaldu dituzte, biribilgunea berritu eta zerbitzu sarea hobetu; proiektuak bost fase aurreikusten ditu eta horietatik "garrantzitsuena" gauzatu da, bertarako irisgarritasuna bermatzeko.

San Josepe berriro urbanizatzeko lanen bost faseen artean lehen fasea amaitutzat eman du Udal Gobernuak, "faserik garrantzitsuena". San Andres kalearen zati bat berregin dute, espaloia eta errepideak berritu dituzte eta auzoko zerbitzu sarea hobetu. Udal ordezkariek jakinarazi dute lan horien helburua izan dela auzoko irisgarritasuna eta auzotarren mugikortasuna erraztea eta hobetzea, auzotarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko.

Lehen faseak 469.201 euroko kostua izan du. Oscar Garcia zinegotzi sozialistak orain arte egin dena eta aurrerago egingo dena azaldu du: "San Josepe kalera heldu arteko bidean egin dira obrak. Errepidea eta espaloiak estuak ziren, autoendako deserosoa eta oinezkoendako ezinezkoa. Aurrerantzean aparkalekuak, zerbitzuak zein gune berdeak berritu egingo dira; horretarako, baina, ez dugu data zehatzik".

Kalea dagoeneko zabalik dago baina oraindik ere azken egokitzapen  lan batzuk egitea falta da; airean dauden zenbait kable horretarako hodietan sartuko dira. Horregatik oraindik gune bat itxita egotea autobus geltoki berriaren ondoan. Herriko autobusa biribilgunean geratu izan da azken egunotan.

Makatzena, hurrengoen artean

Udal Gobernuaren lehentasunen artean dago auzoei "merezi duten" garrantzia ematea. Auzo periferikoetan egingo diren hurrengo esku-hartzeen artean Makatzenakoa nabarmendu du Garciak: "Frontoia eraberritzea, umeendako behar den moduko parke estali bat jartzea eta ahal den neurrian aparkaleku kopurua errespetatzea. Lan horiek egingo dira". Espero da 2018an amaitzea obra; aurrekontua da 300.000 euro ingurukoa.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak