Udal ordezkariek jakinarazi dute lan horien helburua izan dela "auzoko irisgarritasuna eta auzotarren mugikortasuna erraztea eta hobetzea, auzotarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea". Horretarako egin diren lanak zeintzuk izan diren adierazi dute: San Andres kale hasiera berregin, espaloi zein errepideak hobetu, garraio publikoa indartu eta auzoko zerbitzu sarea hobetu, euri-uren saneamendua eta ur hornidura sarea, esaterako.
Kalea dagoeneko zabalik dago baina datozen egunetan azken egokitzapen lanak egingo dituztela jakinarazi dute: "Zenbait kable airetik kendu eta horretarako ahalbidetu diren hodietan sartuko dira".
Bost fase dituen obra
Auzoaren berrurbanizatze proiektua 2013an jarri zuten abian eta LKS Ingenieria kooperatibaren ardurapean egin dira lehen faseko lanak. Bost fase ditu proiektu horrek eta bukatu berri dena da garrantzitsuenetakoa; hain zuzen ere, 469.201 euroko kostua izan du. Lehen faseko lanak ere bi zatitan banatuta egin dituzte, lehenengoa 2014 eta 2015 artean eta bigarrena orain; azken horiek Sasoi Eraikuntzak egin ditu.