Lehenengotik bi urte pasatu direnean, Ahal Dugu Alderdiak bigarren kongresua egingo du asteburu honetan, Madrileko Vistalegre jauregian. 15.000 pertsonarendako tokia du Jauregiak eta dagoeneko agortu dira sarrera guztiak. Debagoienetik ere joango dira, tartean Igor Urizar, Arrasateko Ahal Duguko zinegotzia.
Duela hilabete eta erdira arte alderdian izena emana zutenek izango dute asteburuko kongresuan botoa emateko aukera. Guztira 400.000 pertsona daude horretara deituta eta zapatura arte izango dute horretarako aukera webgunean.
Bi egun iraungo ditu kongresuak, zapatuan eta domekan egingo baita eta bertan aukeratuko dira aurrerantzean Ahal dugu alderdiak izango duen Idazkari Nagusia batetik, Zuzendaritza taldea edo Hiritar Kontseilu Estatala bestetik, eta aurrerantzean landu beharreko proiektua, azkenik. Idazkari Nagusirako bi hautagai daude, Pablo Iglesias, gaur egungo Idazkari Nagusia, eta Juan Moreno Yagüe, Andaluziako parlamentarioa.
Hiritar Kontseilu Estatala
Hiritar Kontseilu Estatala osatzeko bost hautagaitza aurkeztu dira. Horietan indartsuenak dira batetik, Pablo Iglesias buru duen taldearena eta bestetik, Iñigo Errejon buru duen taldearena. Baina badago indar gutxiago izanagatik ere zeresana eman dezakeen hirugarren bat, eta hain zuzen ere, Vistalegreko II. asanbladan emaitza txukunak ateratzea espero dute. Ahal Dugu Martxan proiektua da hori, Arrasateko Igor Urizar zinegotziak defendatzen duena eta alderdiaren sorrera ahalbidetu zuen Maiatzak 15 mugimenduaren oinarrian zeuden ideiak defendatzen dituena.
Vistalegreko lehenengo kongresuan instituzioetara ahalik eta azkarren iristea defendatu zen eta bi urte hauetan eraiki den alderdi bertikalari buelta eman behar zaiola iritzi du Urizarrek defendatzen duen proiektuak.
Proiektu hori defendatuko dute, besteak beste, Teresa Rodriguezek, Cadizeko alkate Kichik, Nacho Vegas abeslariak, Beatriz Jimenez feministak eta Alberto Sanjuan aktoreak.
Pablo Iglesias eta Iñigo Errejon hautagaiek euren artean izan dituzten ika-mikek Ahal Dugu alderdiari ezer onik ez diotela ekarri uste du Urizarrek eta egoera lasaitzea beharrezko ikusten du. Haren ustez, pertsonalismo eta lidergo ahalguztidunek demokrazia ahultzen dute. Vistalegre II horretan du ipinita esperantza, Urizarrek.
Indartsuen zein proiektu ikusten duen galdetuta Urizarrek dio, badirudiela, Idazkaritza Nagusiak ematen dion indarrarekin, Pablo Iglesiasen proiektua izango dela aurrera aterako dena, baina, balitekeela bestelakorik ere gertatzea.
Gaineratu du, bestetik, berak defendatzen duen Ahal Dugu Martxan proiektuari dagokionean, ideiak mahai gainean jarri eta horiek defendatzeko aukera duten heinean, pozik egongo direla.