Eva Abuin: "Hautagaitza guztietan daude proiekturako ezinbestekoak diren ikuspegiak eta pertsonak"

Ubane Madera 2017ko ots. 9a, 11:54

Arrasateko Ahal Duguko zinegotzia da Eva Abuin, eta aste bukaeran Vistalegre II biltzarrean hartuko duten erabakiak eragin zuzena izango duela Ahal Dugu Euskadiren antolakuntza ereduan uste du, ildo politiko zehatz batzuk ezarriko direla ere badio.

Estatuan, eta zeresanik ez, Madrilen antzematen den giroa nahasia da Vistalegre II. Kongresura begira. Zein da Debagoienean dauden zirkuluen joera?

Debagoienean Arrasate eta Bergarako zirkuluak aktibo daude baina aniztasuna da nagusi eta ideia ezberdin asko daude. Hautagaitza desberdinak aurkezten direnez proposamen guztiak aztertu ditugu baina eredu jakin bat defendatzea erabaki indibiduala da, zirkuluak eremu neutroak izan behar dira eta hautagaitzen eztabaidak antolatzeko eremuak.

Eta zer defendatzen duzue?

Ahal Dugu Euskadin Hiritar Asanblada egin genuen urtarrilean. Euskadik estatu mailan antolakuntza eskaera adostuak eta Euskadirako lehentasun diren politika zehatzak partekatu, aztertu eta erabaki genituen. Prozesua bukatu zen bozketa telematiko batekin, babes handiena jaso zuten proposamenak dokumentu batean jaso genituen eta hautagai guztiei bidali diegu haien dokumentuetan proposamen hauek gehitzeko aukera emanez.

Zu zeu, non kokatzen zara?

Hautagaitza guztietan proiekturako ezinbestekoak diren ikuspegiak eta pertsonak daudela pentsatzen dut ondorioz bi hautagaitza zerrendetatik pertsona desberdinak hautatu eta bozkatuko ditut Podemos para todas hautagai zerrendatik Pablo Iglesias eta beste kide batzuk bozkatuko ditut, eta Recuperar la ilusión hautagai zerrendatik berriz, Rita Maestre eta zerrenda honetako beste batzuk. Ikuspegi desberdinak zuzendaritzan islatzeko.

Iglesias/Errejon. Baten tesia gailentzen bada, bestearena baztertu egingo da… Horrek zela eragin lezake EAEn eta ondorioz, Debagoienean?

Idazkaritza nagusian Pablo Iglesias da hautagai bakarra ondorioz ez dago alderdiaren lider izateko lehiaketarik, kongresuan ideia desberdinak partekatu eta bozkatuko dira. Bozketa honetan babes gehien lortzen duten dokumentuak estatu guztian aplikatuko dira, beraz, eragin zuzena izango du Ahal Dugu Euskadiren antolakuntza ereduan eta ildo politiko zehatz batzuk ere ezarriko ditu.

Indar handiarekin sartu zen Ahal Dugu hautetsontziekin izandako azken bi hitzorduetan, EAEn, Debagoienean, eta baita Arrasaten ere. Halako polarizazio egoerek ez dute indar hori ahultzeko arriskurik eragingo?

Barne prozesu honek gure alderdia indartzeko balioko duela pentsatzen dut; ideia desberdinak ez adostea, eta ondorioz, ideia desberdinak bozkatzea normaltasunez ikusten dugu gure alderdian formula demokratikoen bidez erabakitzen ditugulako desadostasunak.

Besterik nahi baduzu adierazi…

Podemos alderdiaren norabidea aukeratzeko podemos.info web gunean sartu, aukera guztiak irakurri eta bozketan parte hartzeko eskaera egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak