Udal Gobernuak dio "zoritxarreko hutsa" izan dela Joseba Iglesiasen omenezko murala kentzea

Xabi Gorostidi 2017ko urt. 3a, 09:16

Bere heriotzaren ondorengo egunean egindako mural oroigarria kentzeak samina eta haserrea eragin ditu Joseba ezagutzen zutenen artean. Udalak Uarkape frontoi barruko pintaketak kentzeko agindua eman zion margolari bati, baina honek agindua gaizki ulertu eta frontoi kanpoko murala ezabatu zuen.  

Abenduaren 30ean, Uarkape frontoia Txikilandiarako egokitzeko lanetan aritu ziren udal langileak. Margolari bati frontoi barrualdeko eta kanpoaldeko pintaketak ezabatzea agindu eta gaizki ulertu baten ondorioz, Joseba Iglesias gazte arrasatearraren omenezko horma-irudia ezabatu zuen.

Horrek haserrea eta samina sortu zuen Josebaren gertukoengan, eta oihartzuna izan zuen herritarrengan eta baita sare sozialetan ere. Batez ere, muralaren ezabatzea garbiketa ordenantza berrian ondorio izan zitekeelako.

Hori ikusita, Arrasateko Udal Gobernuak gertatukoa azaldu zuen prentsa ohar bidez eta baita segurtasun zibileko arduraduna den Jose Luis Etxeberriaren bitartez:

"Txikilandia dela eta ez dela, Uarkape barrutik eta kanpotik oso zikin zegoen, eta garbiketa lanak egin genituen. Baina aurretik, 29an, argazki batzuk bidali nizkion margolariari hori ez kentzeko, baina margolariak ez zuen irakurri, eta horma irudia kendu zuen".

EH Bilduren udal taldeak prentsa oharra plazaratu zuen, gertatutakoa gogor salatuz. Garbiketa ordenantzarekin lotu zuten horma-irudiaren ezabaketa, eta gertatukoaren errua margolariari egoztea salatu zuten.

Murala kentzeak sortu duen haserrea ikusirik Jose Luis Etxeberriak barkamena eskatu zuen publikoki.

"Hori gertatu da eta hemen ez dago beste gauzarik. Gaizki ulertu bat izan da, eta nik pertsonalki eskatzen diot barkamena AGAKOri eta familiari, eta familiakoak ulertu dute" azaldu zuen Etxeberriak.

Hormaren gertaerari konponbidea emateko Udal Gobernuak mural berri bat egitea proposatu du eta gastuak ordaintzeko prest agertu da.

Duela sei urte murala egin zuten gaztetxeko kideak eta Josebaren lagunak atzo batzartu ziren, margoz estalitako paretarekin zer egin erabakitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak